Gipuzkoako 34 herrik bat egingo dute, otsailetik ekainera bitartean, hondakinak atez ate biltzeko sistemarekin. Epe horretan, Zubietako errauste planta eraikitzeko erabakia hartu baino lehen, udalek osoko bilkuran onartuko dute bilketa sistema «eraginkorrena» deritzotena abian jartzea. 2013. urte hasierarako eredu berriarekin aritzea espero dute.
Bilduk gobernatzen du 34 herrietan. Koalizioko udal ordezkari ugarik agerraldi bat egin zuten atzo, Donostiako Miramar jauregian, asmoaren berri emateko. Gipuzkoarrok ongi egiten dugu leloa atzean zutela, xehetasunak eman zituzten Mikel Biain Oñatiko alkateak eta Ainhoa Zabalo Lezokoak. 225.000 bat herritar gehiago izango dira hondakinei «benetako irtenbidea» eman eta Gipuzkoa «zero zabor lurralde» bihurtzeko urratsa egingo dutenak; orotara, 262.000 inguru dira, aurretik eredu hori baitute Antzuolan, Hernanin, Oiartzunen eta Usurbilen. 707.000 biztanle ditu Gipuzkoak: hortaz, gipuzkoarren %37ren hondakinak jasoko dituzte atez ate, urtebete barru.
Gaur bertan egingo dute aurreneko osoko bilkura, Legorretan; ondoren, eta lau hilabetez, gainontzeko 33etan. Biztanle askoko herriek bat egingo dute proiektuarekin; besteak beste, Azpeitiak, Tolosak, Zarautzek, Arrasatek eta Bergarak. PSE-EEk eta EAJk zuzentzen duen udalik ez da horien artean, ez eta Bilduk gobernatzen duen beste hainbat ere; adibidez, Donostia, Andoain eta Errenteria. Baina etorkizunean herri gehiagok ere atez atekoaren alde egingo duten itxaropena du Biainek.
Hondakinen auziari aterabide «garbi eta osasuntsu» bat eman nahi diote udal horietako alkateek, «arazo larri» bilakatu baita horien sorrera eta kudeaketa: «Zabor bezala tratatu ditugu,neurrigabe sortu, nahastuta bildu, eta mendizulo beltz batera bota, konponbidea zelakoan». Birziklatze mailaren inguruko datuak ere oroitarazi zituzten, bestelako eredu bat beharrezkoa dela nabarmentzeko. Hain zuzen ere, Gipuzkoako hiri hondakinen %25 inguru birziklatzen dela esan zuen Biainek, horien %90 birziklatzeko modukoak badira ere. «Uste dugu orain arteko ekimenek huts egin dutela, antzuak izan direla», adierazi du Zabalok.
Zubietako errauste plantaren aurka agertu ziren udal ordezkariak. Irtenbidea dela diotenei gezurra esatea leporatu zieten, eta plantak gas «pozoitsuak» isuriko lituzkeela gogorarazi zuten. Sei hilabetez planta eraikitzeko lanak eteteko agindua emana du iazko abendutik Gipuzkoako Foru Aldundiak; Ingurumen diputatu Juan Karlos Alduntzinek orduan esan zuenez, «zaborren bilketa orekatua eta integrala» lortzeko asmoz gogoeta bultzatzea da etenaren helburua. Ekainean amaituko da epe hori, eta alkateek ordurako frogatu nahi dute errauste planta eraikitzeko bezainbeste zabor ez dela jasotzen.
«Kutsadura sortu, gure osasuna arriskuan jarri, eta Gipuzkoa hondatze bidean jarri dugu», esan du Biainek. Egoera hori amaitzeko, ordea, atez ateko bilketaren alde egin dute, eta «lehenbailehen» hartu beharreko erabakia dela zehaztu: «Gaur-gaurkoz, ez dugu beste aukerarik».
Herri «zentzudunenen» pare
Hondakinak murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko egin beharreko urratsak egiteko prest azaldu dira udal ordezkariak: «Honi buelta emateko, gure eskura dauden neurri zehatzak hartuko ditugu. Herrietan, mankomunitateen laguntzarekin, konpostatzeko kanpaina zabalak bultzatuko ditugu, familietan, eskoletan, lantegietan... gipuzkoarrok ongi egingo dugu».
Herrialde «zentzudunenek» egiten dutena egingo dute 34 herriek, Zabaloren esanetan: emaitza onenak eman dituen bilketa ereduaren aldeko hautua. «Erronka» bat izango da gipuzkoarrentzat, baina lasai da Zabalo, uste baitu erronkei aurre egiteko gai direla gipuzkoarrak eta, oro har, euskal herritarrak; horrela frogatu dutela lehenago ere: «Herri aurreratua gara, kooperatiben sehaska gara, sare industrial garrantzitsua dugu, elkartasuna eta era horretako balioak oso errotuta daude gure artean». Bestalde, datozen hilabeteetako urratsak herritarren laguntzarekin egin nahi dituzte udalek, Biainen arabera: «Herritarrengan sinesten dugu». Horiek eztabaidan parte hartzeko bideak ahalbidetuko dituzte, baina indarrean jarri asmo duten eredua «zalantzan jarri gabe».
Ekonomikoki eredu aldaketak izan dezakeen eraginarekin lasai daude udal ordezkariak, uste baitute faktore horrek ez dituela oztopatuko udalen asmoak. «Hemen baldin bagaude, gaitasuna dugulako da», Biainen arabera. Haren esanetan, udalek eta mankomunitateek adostasunez eginiko planifikazio baten ondorio da eredu aldaketa, eta, beraz, udalek aurreikusita daukate egin beharreko gastua. Gainera, Zabalok ziurtatu du sistema berria ezartzeak ez duela zertan zergen igoera bat eragin, hasieran inbertsioak egin behar badira ere: «Birziklatutakoa saltzearen truke dirua jasoko dugu».
Atez ateko sistemarekin bildutako hondakin organikoak konpost plantetan pilatu nahi dituzte 34 herrietako alkateek. Azpeitian dagoen Lapatxeko planta, ordea, gainezka dago, eta Epelen Bergara eta Arrasate artean eraikitzen ari direna ez dago amaituta. Hala ere, epe labur eta ertainera hondakin organikoen kudeaketa bermatuta dagoela ziurtatu du Biainek. Haren esanetan, hainbat aukera dituzte mahai gainean; esaterako, Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako konpost plantetara eramatea. Errefusa gordetzeko, berriz, hondakin inerteak pilatzeko zabortegiak erabiliko dituzte, Biainen arabera.
Datu okerrak, PPren ustez
Bilduko alkateek birziklatzeaz emandako datuak gezurrezkoak direla adierazi du Gipuzkoako PPko batzarkide Juan Carlos Canok. Haren arabera, Bildu gezurretan ari da %90eko birziklatze mailara ailega daitekeela esatean; izan ere, Canoren hitzetan, %50 birziklatzen da egun. «Eta gehien birziklatzen dutenetakoak gara», erantsi du. Gainera, adierazi du atez ateko sistema «bideraezina» dela biztanle kopuru handia duten lekuetan, eta horren adibide jarri ditu Irun eta Donostia: «Sistema hautsi egingo da, eta gure hondakinak beste lurralde batzuetara eramatea da eskaintzen diguten aukera bakarra».
Canok EAJ egin du Bilduko 34 alkateen erabakiaren erantzule. Haren ustetan, bere burua engainatzen utzi zuen EAJk.
Ingurumena. Hondakinen kudeaketa
Hondakinak atez ate jasoko dizkiete beste 225.000 gipuzkoarri
Bildu Gipuzkoan agintean den udaletatik 34k bilketa sistema «eraginkorrena» jartzea onartuko dute udalbatzetan, ekainerakoHerrialde «garbi» bat egin nahi dute, eta errauste plantaren beharrik ez dela frogatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu