Hondakinen %70 birziklatu ezean atez atekoa jartzeko akordioa egin dute Arrasaten

Bildu, EAJ, Ezker Anitza eta Aralarrek egin dute hitzarmena; bederatzi hilabeteko epea jarri dute helburua lortzeko

Antzuola izan zen Debagoienan atez atekoa jarri zuen lehen herria. R. B. / ARP.
Erredakzioa
Donostia
2013ko azaroaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bildu, EAJ, Aralar eta Ezker Anitza alderdiak batetik, Arrasate Garbi, Zero Zabor Taldea eta Ekologistak Martxan mugimenduak bestetik. Akordioa lortu dute Arrasaten, Gipuzkoan: hondakinen %70 bereizita jasotzeko helburua adostu dute. Bederatzi hilabeteko epea jarri dute helburu horretara iristeko. Eta lortu ezean atez atekoa jartzeko prest daudela adierazi dute.

Hondakinen Mahaian ondu dute akordioa. Atzo jakinarazi zutenez, helburuetan adostasuna lortzea izan dute «xede nagusia». Adostu dute, «sakon eztabaidatu ondoren». Hondakinen %70 bereizita jasotzea eta hori lortzeko bederatzi hilabeteko epea jartzea adostu dute eragile horiek guztiek. Baina helburu hori lortzeko erabiliko duten bilketa sistemaren ezaugarriak ere adostu dituzte: «Herritarrak ez du nahastuko hondakinen frakziorik, eta bilketa zerbitzuari banatuta entregatuko dizkio, nahitaez». Horrekin batera, «zerga sistema ekologikoa» ezartzea erabaki dute. Kontzeptu hori nola gauzatuko duten zehaztu ez badute ere, horrek aditzera ematen du kutsatzen duenak ordaindu egiten du printzipioari jarraituko diotela hondakinen tasetan.

«Akordioa aho batez lortu da», azaldu du Hondakinen Mahaiak, ohar baten bidez. Mahaia irail hasieran osatu zuten, eta bi hilabetean lortu du adostasuna. Bidean, baina PSE-EEk eta Stop Atez Ate taldeak utzi egin dituzte bilera horiek. Hondakinen Mahaiak «gonbidapena» egin die orain, akordiora batu daitezen.

«Kontrolpeko edukiontziak»

Helburuetan eta ezaugarrietan adostasunak itxita, sistema ere proposatu du Hondakinen Mahaiak: kaleko kontainerrak erabiliko ditu hondakinak jasotzeko. «Kontrolpeko edukiontzien sistema» deitu diote. Gehiago ez du zehaztu Mahaiak; uste izatekoa da giltza edo txartel bidez baino ireki ezin diren kontainerrak erabili asmo dituztela. Muga ere zehaztu dute, ordea: «%70eko helburua lortu ezean, sistema baliogabekotzat joko da, eta Arrasateko herrigunean hondakinak gaika jasotzeko zerbitzua atez ateko sistemaren bidez egingo da».

Eskualdean, Debagoienan, atez ateko bilketa jartzeko urratsak egiten ari dira beste herri batzuetan, bien bitartean. Bergaran baldeak eta partitzen ari dira herritarren artean, abenduan hasteko atez atekoarekin. Bergara Garbia taldeak, berriz, herri galdeketa antolatua du azaroaren 9 eta 10erako, bilketa sistema horri buruz. Eskoriatzan, berriz, heldu den astelehenean hasiko dira hondakinak atez ate jasotzen herriaren heren batentzat, proba modura. Hiru hilabeteren buruan egingo dute balorazioa.

Debagoienan, beste bi herritan ezarria dute atez ateko bilketa. Antzuola izan zen lehena, eta hondakinen %90 baino gehiago gaika biltzea lortu du hilabete batzuetan. Oñatin, berriz, joan den uda honetan hasi dira bilketa sistema berriarekin. Hondakinen %81 gaika biltzera heldu dira.

Eskualdean atez ateko bilketaren kontrako mugimendu handia izan da, edozein moduz. Atez atekoaren aurkako manifestazio eta elkarretaratzeak Arrasaten egin zituzten, eta 4.000 sinadura inguru lortu zituzten bilketa sistema horren aurka ekin dutenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.