HONDAKINEN KUDEAKETA. ERRAUSTE PLANTAK. Medikuak Lamarkarekin bildu dira errauste plantaz hitz egiteko

Hondarribiko alkateak atzoko plenoan ez zien erantzun herritarren galderei

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
2004ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Txingudiko errauste plantaren aurkako medikuen batzordeko kideak EAEko Ararteko Iñigo Lamarkarekin bildu ziren atzo Irun, Hondarribia eta Hendaiarentzat izango den errauste plantaz hitz egiteko. Bost puntuko idatzi bat aurkeztu zioten eta bertan Txingudiko proiektua administrazioek «isilpean» gauzatu dutela salatu dute. Halaber, errauste plantak inguruko herritarren osasunean eragingo dituen «kalteei» buruz ere ez dutela deus esan jakinarazi zioten Arartekoari. Gainera, errauste planta «inposatzeko» argudio «alarmistak» erabili dituztela esan zioten. Araudiak ere ez dituztela bete jakinarazi zioten, esaterako, jarduera gogaikarrien, kaltegarrien, osasungaitzen eta arriskutsuen araudia. Bertan esaten da errauste plantek hirigunetik gutxienez bi kilometrora egon behar dutela, eta irizpide hori ez da betetzen.

Luze jo zuen bilerak Arartekoarekin. Iñigo Lamarkak 12:30ean hartu zituen Arartekoaren Donostiako bulegoan, eta 14:00ak jota atera ziren. Jose Cruz Ruiz «pozik» zegoen: «Oso atsegina izan da. Gure salaketa eta eskaera guztiak entzun eta apunte ugari hartu ditu. Azaldu diogun guztiaz interesa agertu du». Gaiaren inguruan txosten bat prestatzeko konpromisoa hartu duela adierazi zuen Ruizek: «Bete ez diren legeak jasoko ditu eta gero administrazioei helaraziko die».Bestalde, Gipuzkoako Batzar Nagusietako EB-IUko bozeramailearen iritziz, Odon Elorza antzerkia egiten ari da, «errausketaren alde dagoelako».

Tentsio uneak Hondarribian

Atzo Hondarribiko udaletxean udalbatza izan zen Txingudiko errauste planta eraikitzeko beharrezkoa den beste tramite bat onartzeko. Hori dela-eta, herritar ugari bertaratu zen udaletxera; batzuk plenora igo ziren, eta toki faltagatik, beste asko kanpoan geratu ziren, 200 inguru. Plenoan herritarrek Hondarribiko alkate Borja Jauregiri errauste plantaren inguruko galderak egin zizkioten, baina, ez zuten erantzunik jaso. Alkateak, ordea, udalbatza bertan behera utzi, eta bera eta zinegotzi guztiak udaletxeko gela batean sartu ziren udalbatza bertan jarraitzeko. Horrek jendearen haserrea areagotu eta errauste plantaren aurkako oihuak nagusitu ziren. Une batez, udaletxeko ateak itxi, eta barruan zeudenek ezin izan zuten kanpora atera.Ondoren, Hondarribiko kaleetan zehar manifestazioa egin zuten, eta alkatearen hotelaren aurrean amaitu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.