GIZARTEA

Hondakinen kudeaketan adostasunak bilatzeko dinamika bat jarriko du martxan Gipuzkoako Aldundiak

Hondakinen bilketan eta azpiegituretan ados jartzea da helburua, Iñaki Errazkin Gipuzkoako ingurumen diputatuak adierazi duenez.

2013ko uztailaren 24a
18:55
Entzun

"Argi dago hondakinen kudeaketan desadostasunak ditugula, baina argi dago, baita ere, ados jar gaitezkeela hainbat alderditan, %80an, hain zuzen ere. Ziur nago horretan ados jartzen bagara argiago ikusiko dugula gainontzeko %20 horren konponbidea". Iñaki Errazkin Gipuzkoako ingurumen diputatuaren hitzak dira. Errazkinek adierazi duenez, hondakinen kudeaketan adostasunak bilatzeko dinamika bat jarri nahi du martxan Gipuzkoako Aldundiak, azken urteetan gaiak piztu duen "eztabaida sakona" dela eta. Horregatik, mankomunitate guztietako eta Batzar Nagusietako talde guztiekin elkartu nahi du irailetik aurrera.

Bi ardatz nagusi izango ditu dinamika horrek: hondakinen bilketa eta azpiegiturak. Hondakinen bilketari dagokionez, Errazkinek baieztatu du "hainbat joera" daudela baina, era berean, denek diotela "ahalik eta gehien birziklatu behar" dela: "Indar politiko guztiek onartzen dute 2016rako hondakinen %60 birziklatzeko helburua". Errazkinek helburu hori lortzeko "hitz egiteko" eskatu die gainerako indar politikoei, "helburuetan bat" badaude hori lortzeko "modua" denen artean adosteko.

Azpiegiturei dagokienez, Errazkinek baieztatu du errauste plantaren inguruan zentratu dela eztabaida azken urteetan, eta horrek "hondakinak kudeatzeko gainerako azpiegiturei buruzko adostasuna ezkutatu" duela: "Alderdi guztiek onartzen dute konpostatze plantak, tratamendu mekaniko-biologikorako plantak eta biometanizazio plantak behar ditugula Gipuzkoan". "Egokiena" eta "eraginkorrena" azpiegitura horiek nola egin "denen artean" adostea dela uste du Errazkinek, "ahalik eta ondoen eta ahalik eta azkarren egiteko".

Errazkinen ustez, "egoera berri bat" bizi du Gipuzkoak, duela bi aste Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak errauste plantaren obrak etetea erabaki zuenetik, eta "eszenatoki berri horretan" adostasuna "funtsezkoa" dela uste du.

PSEko Denis Itxasok esan du elkarrizketarako prest dagoela, baina "jokoan dauden gauzei garrantzia kendu gabe". Itxasoren arabera, "hasieratik" egon dira sozialistak elkarrizketa "eraikitzaile eta zintzo" baten alde. Adierazi duenez, Errazkinek ezagutzen du PSEren jarrera, Hiri Hondakinak Kudeatzeko Gipuzkoako Plan Integralaren (HHKGPI) aldekoa, eta adierazi du elkarrizketa horietan gaindituko ez dituen "bi marra gorri" izango dituela: "Atez atekoaren inposizioaren eta Gipuzkoan zabortegiak zabaltzearen aurka gaude". Aldi berean, Errazkinek "hondakinen arazoa %20ra murriztea" kritikatu du Itxasok: "Urtean sortzen diren eta birziklatu ezin diren 200.000 tona zaborrekin zer egin erabaki behar dugu eta diru publikoa eragiltzeaz eztabaidatzen ari gara".

EAJko Xabier Ezeizabarrenak, berriz, esan du Errazkinek "agerian" utzi duela "EH Bildu eta Ezker Abertzalea errealitatetik oso urrun" daudela. "Ez dute ikusi nahi Gipuzkoako hainbat herritan gertatzen ari dena. Ez dituzte aintzat hartu ez atez ate bilketa sistemaren aurkako plataformak, ez auzotarren elkarteak, ez udalen eta Batzar Nagusien ebazpenak, egin diren herri-galdeketak kasu", adierazi du Ezeizabarrenak. Horregatik, EH Bilduk herritarrak "nahastu" dituela eta "konponbidea arazo bihurtu" duela uste du. Hondakinen kudeaketaren eztabaida "Euskal Herriko parlamentu guztietan egiteko" eskatu dio Ezeizabarrenak Errazkini: "Izan ere, Ezker Abertzaleak ez du gaiari buruz eztabaidatu nahi, herriaren gehiegoa HHKGPIren alde dagoelako". Ezeizabarrenaren arabera, Errazkinek orain arte "ez du kontuan izan Batzar Nagusien gehiengoaren nahia", eta "gipuzkoarron nahiaren aurkako politika" egin duela uste du.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.