EAJk, PSE-EEk eta PPk bat egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hiri Hondakinen Kudeaketa Planaren aurka. Elkarrekin aurkeztutako lau mozioren bidez egin dute. Mozio horietan hiru eskari egin dizkiote aldundiari: 2008tik indarrean dagoen Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plana aurrera eramateko; Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren helburu soziala betetzeko; eta aldundiak bere plana erregistratzeko Batzar Nagusietan, ondoren bertan eztabaidatzeko eta bozkatzeko. Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatuak esan du plana aurrekoaren «garapena» dela, eta ados jartzeko beldurra izatea egotzi die hiru alderdiei. Gaur bozkatuko dituzte mozioak Batzar Nagusietan.
Joan den astean aurkeztu zuen aldundiaren plana Alduntzinek.Egitasmoak helburu argia du: 2020rako Gipuzkoako hiri hondakinen %75 gaika biltzea. Errauste plantaren ordez, sei konpost planta, biometanizazio planta bat eta trataera mekaniko-biologikoko hiru zentro egitea proposatu du Gipuzkoako Diputazioak. Errefusari irtenbidea emateko, hondakinak «egonkortu eta trinkotu» egingo dituzte aurrena, eta horiekin osatutako fardelak «espazio natural degradatuak leheneratzeko eta berreskuratzeko» baliatuko dituzte.
Atzo eztabaidatu zuten plana Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ingurumen Batzordean. Planarekin oso kritiko azaldu zen EAJko batzarkide Xabier Ezeizabarrena: «Ez duzue zuen hitza bete. Aurrez pentsatuta eta maltzurkeriaz jokatu duzue, gainera. Aurkeztu duzuen plana misil bat da, egun indarrean dagoen foru arauaren kontra». Ezeizabarrenaren ustez, aldundiak «zabortegi» bihurtu nahi du Gipuzkoa planarekin. «Hondakin oro berriro ere bizitzaren ziklora ekarri nahi duzuela diozue. Baina nola egin nahi duzue, fardel batzuetan bildu eta azpian sartuta? Horiek ere lixibatuak isurtzen dituzte. Beraz, fardelak botako dituzten lekuak zabortegiak izango dira». Gipuzkoarren borondate politikoa ez errespetatzea eta legea ez betetzea egotzi dio aldundiari.
Planak hiru gauza on dituela aitortu du PSE-EEko batzarkide Mikel Duranek: «Egungo birziklatze tasak handitzea proposatzen du, Zubietan ontzientzako beste planta bat eraikitzea aurreikusten du eta hondakinen sorreraren datuak berritzen ditu». Duranek, ordea, auzitan jarri du planaren bideragarritasuna eta sinesgarritasuna. «Ez du hondakinen tratamenduaren zikloa ixteko proposamenik egiten. Hogei urte egin nahi duzue atzera, hurrengo belaunaldiei sekulako arazoa utzita». Salatu du, gainera, egitasmoak ez duela finantzaketarik. «Europako Inbertsio Bankuak ez ditu zabortegiak finantzatzen. Duzuen jarrera harro horrekin ez duzue finantzaketarik lortuko».
«Zikinkeria hutsa». Horixe da, PPko Txema Murgiondoren ustez, aldundiak planean proposatzen duena. Murgiondok nabarmendu du Europako Batasunak berak bultzatzen duela hondakinen «balorizazio energetikoa». «Hemen kontrako bidean goaz». Bere diskurtso politikoaren «preso» izatea leporatu dio aldundiari. Zabor organikoarekin egin nahi den konpostaz ere galdera egin du Murgiondok: «Zertarako egin nahi duzue? Nork erosiko duela uste duzue? Konpostaren merkatu bat sortu nahi duzue, baina ez dakizue nola».
Aralarrek eta Bilduk defendatu dute aldundiaren plana. Aralarreko Rebeka Uberaren esanetan, «zentzuzkoa, arrazionala eta bideragarria» da plana. «Hondakinen kudeaketan Gipuzkoa aitzindari izatea ekarriko du. Gainera, hondakinen tratamenduaren eta kudeaketaren lehen fasean oinarritu arren, amaiera faserako konponbide bat ere proposatzen du planak. Gure aldetik amaitutzat ematen dugu hondakinen kudeaketaren inguruko eztabaida». Zaborren gaia «politizatu eta instrumentalizatu» egin dela salatu du. Kontrakoa egin behar dela esan du Uberak: «Herritarrak lasaitu behar ditugu. Haien eskutik joan behar dugu gai honetan».
Aurreko plana egungo errealitatera egokitu behar zela adierazi du Bilduko batzarkide Idoia Ormazabalek, eta hori baino ez duela egin aldundiak. «Udalek beste bide bat hartu dute zaborren kudeaketan. Gainera, gero eta zabor gutxiago sortzen da egun, eta Europako araudia ere aldatuz doa. Horretara egokitu da plana». Hondakinak baliabide gisa hartzearen garrantzia defendatu du, eta elkarlanerako borondatea eskatu die gainerako alderdiei. «Ezarri dituzten xedeak betetzeko atez atekoa baino sistema eraginkorragoren bat proposatzen badute, Bildu prest dago aztertzeko».
Alduntzinen erantzuna
Alduntzini «lotsagarria» iruditu zaio zaborren gaiaren inguruan sortu den «politizazioa»: «Gai hau erabili nahi duzue gobernuaren gutxiengoa agerian uzteko. Baina gobernu honek gobernatu egiten du, eta arazoei konponbidea bilatze die». Aurkeztu duten planarekin egin nahi izan duten bakarra errealitate berrira egokitzea dela azaldu du Alduntzinek. «Gero eta udal gehiagok egingo dute bilketa sistema eraginkorragoen alde. Zero zabor politikak sustatzen ari dira. Hori errespetatzea eta kontuan hartzea besterik ez dugu egin. Hori egin ezean, legea urratzen arituko ginateke».
Alduntzinek ukatu egin du zabortegien eredua betikotu nahi dutela. «Zabortegiak betikotzen dituena indarrean dagoen plana da. Non botako lirateke, bestela, erraustearen ondorioz sortzen diren eskoria eta gai toxikoak? Gezurra da, gainera, Europan erraustea indarra hartzen ari denik. Zenbat errauste planta eraiki dira azken hamar urteetan?».
Europako Inbertsio Bankuarekin hizketan ari direla nabarmendu du. «Lanean ari gara plana haien finantzaketa politikarekin bat datorrela uler dezaten». Ados jartzeko ahalegina egin dezatela eskatu die alderdiei Alduntzinek. «Gure aldetik, borondate osoa dugu horretarako».
Hondakinen kudeaketa. Gipuzkoako Foru Aldundiaren planaren eztabaida
Hondakinen planaren aurka bat egin dute EAJk, PSEk eta PPk Gipuzkoan
Lau mozio bateratu aurkeztu dituzte Batzar Nagusietan; aldundiari eskatu diote betetzeko egun indarrean dagoen planaAlduntzinek adierazi du errealitate berrira egokitu dutela hondakinen plana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu