Asteotan bilera ugari egin asmo ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Lurralde Antolaketarako diputatu Iñaki Errazkinek herrialdeko talde politikoekin, hondakinak tratatzeko eraiki asmo diren azpiegituren inguruan akordioa lortzeko ahaleginean. Gipuzkoako Batzar Nagusietan azalpenak emateko agerraldia egin zuen atzo, eta datozen asteotarako agenda betea izango dutela nabarmendu zuen; hilaren bukaeran hondakinen alorreko aholku batzordea biltzeko asmoa dute, eta aurretik talde politikoetako ordezkariekin harremanetan jartzea da asmoa. «Helburua da alderdi politikoen eta eragileen iritzia biltzea eta ados jartzea», azaldu zuen. Gipuzkoak 2016rako jomuga argia duela oroitarazi zuen: %60 birziklatzea. Xede horren inguruan batuta, akordioa lor daitekeen esperantza du. Eta adostasunaren bidean eredu izan daitezkeen adibideak badirela uste du; Azpeitiko Udalean asteartean egindako udalbatzarrean onartutako mozioa, kasurako, bide onean doala iruditzen zaio.
Izan ere, Azpeitiko Udalak eskatu die Gipuzkoako Batzar Nagusiei Lapatxeko zabortegia ixteko behar diren azpiegiturak egitea baimentzeko. Mozioa Bilduk aurkeztu zuen, baina arrunt nabarmentzekoa da zein bidelagun izan zituen testuaren alde, EAJ eta H1eko zinegotziek —alderdiok errauste plantaren alde irmo aritu dira— aldeko boza eman baitzuten. Mozioarekin, Gipuzkoan errauste planta ez egitearekin bat egin du Azpeitiko Udalak, «albiste ezin hobea» delakoan. EAJk eta H1k ñabardurak egin zizkioten puntu horri, baina, oro har, mozioarekin bat datoz.
Ikaztegietan, atez ate
Bestalde, Gipuzkoan ugaritzen ari dira hondakinak biltzeko atez ateko bilketa sistema hautatzen ari diren udalerriak. Atzo arratsaldean hasi ziren erabiltzen Ikaztegietan, papera eta kartoia bilduz. Iker Otamendi alkateak aditzera eman du sistema horren aldeko hautua egin dutela gaikako bilketarako «daturik onenak» horrexek eman ohi dituelako.
Hondakinen tratamenduan akordioa lortu nahi du asteotan Errazkinek
Adostasunerako bidean aurrera egiteko deia egin die talde politikoei; Azpeitian horren alde egin dutela azaldu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu