Hondamendi eremu izendatu ditu Frantziako Gobernuak Ipar Euskal Herriko sei herri. Ia guztiak Nafarroa Beherean daude: Arnegi, Ezterenzubi, Irulegi, Arrosa eta Uharte Garazi dira herri horiek. Maule (Zuberoa) da bestea. Izendapen bera jaso dute Biarnoko (Frantzia) Arthez d'Asson, Asson eta Isuazi herriek ere. Era horretan, Frantziako Gobernuaren diru laguntza jasoko dute udal horiek hilaren hasieran—azaroaren 5etik 7ra bitartean—izandako uholdeek eragindako kalteak ordaintzeko. Lapurdiko hainbat herritan ere jasan zituzten kalteak. Hala nola Angelun, Hazparnen eta Uztaritzen. Baina horiek ez dute izendapena jaso. Frantziako Gobernuak ez du zehaztu laguntzen kopurua.
Kalte handiak eragin zituen urak Nafarroa Beherean. Hainbat etxe eta errepide hartu zituen. Kalte handiena jasan zuen herria Arrosa da. Han, hiru enpresa hartu zituen urak. Beñat ArrabitArrosako auzapezak «oso baikortzat» jo du izendapena. Haren esanetan, aseguru etxeen laguntzak jasotzeko «beharrezkoa» zuten kalteak izan dituzten enpresek Frantziako Gobernuak neurri hori hartzea. Era berean, Arrabitek adierazi du kalteak izan dituzten enpresen egoera «bere onera» etorrita dagoen arren orain «errazagoa» izango dela kalteei aurre egitea. Hori bai, esan du ez dakiela zenbat egunen buruan bideratuko dituen Frantziako Gobernuak laguntzak.
Biarnoko Isuaziko alkate George Offen iritziz, izendapena jasotzea «albiste ona» da, elkarte eta kalteak jasan dituzten gizabanakoentzat. Izan ere, hondamendi eremu izendatzeak onurak ekarriko dizkie kalteak izan dituztenei: udalek laguntzak jasoko dituzte urak herrian eragindako kalteei aurre egiteko, eta gizabanakoek aseguruen bidez jaso behar dituzten laguntzak azkarrago jasoko dituzte.
Izendapena jaso eta bi hilabete dituzte udalek kalteak zenbatu eta Frantziako Gobernuari laguntzak eskatzeko. Baina ez dira jasoko dituzten laguntza bakarrak, kalteak izan dituzten herriak diruz laguntzea aurreikusi baitu Kontseilu Orokorrak ere.
Gipuzkoan, laguntzak bidean
Gipuzkoan, uholdeek Urumea eta Oria ibaien inguruko herrietan eragin zituen kalte gehien. Kaltetutako herrietako udalek laguntzak jasotzeko egin beharrekoa zehazteko bilera izan zuten atzo Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkaritzarekin. Espainiako ordezkaritzak deituta egin dute bilera.
307/2005 dekretua aplikatuko du Espainiako Gobernuak Gipuzkoan. Hori hala, kalteak izan dituzten udalei laguntzak emango zaizkie. Horretarako, baina, bete beharreko agiriak zein modutan egin behar dituzten azaldu die Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak udalei. Abenduaren 7ra arteko epea dute udalek eskaerak egiteko, eta, horretarako, agiriak babes zibilaren webgunean daude.
Diputazioari dagokionez, uholdeek eragindako kalteen inguruko informazioa biltzen ari da Espainiako Gobernuak emango duen laguntzak estaltzen ez duenari aurre egin ahal izateko. Informazio guztia bildu eta aztertu ondoren bilduko da Gipuzkoako Diputazioa Eusko Jaurlaritzarekin eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzarekin, dekretuak estaltzen ez dituen arloetako beharrei hiru erakundeen artean aurre egiteko. Izan ere, kalteei aurre egiteko eskumenak hiru erakunde horien artean daude banatuta.
Kaltetutako udalerriak hondamendi eremu izendatzearen inguruan, berriz, Gipuzkoako Diputazioak dio 307/2005 dekretuak ordezkatu duela izendapen hori, izendapen hori egun ez dela «existitu» ere egiten eta juridikoki «oso nahasia» dela.
Hondamendi eremu izendatu dituzte Ipar Euskal Herriko sei herri
Uholdeek eragindako kalteak ordaintzeko diru laguntzak azkartuko ditu izendapenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu