Hondarra astindu du

Donostiako Udalak erabaki du hurrengo urtean zezenketarik ez egitea; ez du berrituko kontratua Chopera enpresarekinIruñeko Udala ez dago ados erabakiarekin; zezenak sanferminen ardatz direla esan du

Donostia
2012ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Hautsak bainoago, zezen plazetako hondarrak harrotu ditu Donostiako Udalak hartutako erabakiak: zezenek ez dute Illunbeko zezen plazako harea zapalduko datorren urtean. Hura kudeatzeaz arduratzen zen enpresarekin —Chopera— kontratua ez berritzea erabaki du udalak. Horrez gain, adierazi du ez duela asmorik beste hitzarmenik sinatzeko. Erreakzio oldea sortu du erabakiak: txalotu egin dute batzuek, eta kritikatu beste batzuek.

Pozik hartu dute Donostiako Udalaren erabakia zezenketen aurkako hainbat taldek. Askekintza Animalistako kide Lide Trekuren esanetan, «bazen garaia Bilduk gai honen inguruan jokabide finko bat markatzeko». Nabarmendu du «aurrerapauso handia» dela alderdi politiko batek «bat egitea» horrelako taldeen aldarrikapenekin. CRAC Comite Radicalement Anti Corrida taldeko kide Jenofa Cuissetek «oso pozik» hartu du erabakia. Esan du erabaki horrek zezenketak egiten jarraitzea konplikatuko duela, laguntza publikorik gabe «zaila» delakoan zezenketak egitea. «Espero dugu beste herri batzuek beste horrenbeste eginen dutela». Antzera mintzatu da Euskadiko Libera elkarteko bozeramaile Lorea Burges. Bilboko Udalean Bilduk egindako ahalegina ere nabarmendu du: «Bilboko Bilduk mozio bat aurkeztu zuen udalean zezenketak debekatzeko eskatzeko, baina ez zioten jaramonik egin. Gutxienez, saiatu zen egoera salatzen».

Beste elkarte batzuek, berriz, ez dute begi onez ikusi Donostiako Udalak hartu duen erabakia. Bizkaiko Zezenzaleen Elkarteko lehendakari Vicente Gonzalezek adierazi du «herritarren iritzia kontuan hartu gabe» jokatu duela Juan Karlos Izagirre alkateak. «Tradizio handiko ospakizunak dira zezenketak, are gehiago Euskal Herrian; festa guztietan egin izan dira». Cocherito elkarteko presidente Enrique Villegasek ere ez du egoki ikusten Donostian zezenketarik ez egitea hurrengo urtean: «Zezena animalia berezia da, zezen plaza batean borrokan hiltzeko jaio eta hezia. Hori da espezieak irauteko duen modu bakarra. Elkarte zezenzalea garen aldetik, ezin dugu Donostiako Udalarekin bat egin».

Hego Euskal Herriko hiriburu batzuek ere ez dute asmorik Donostiaren urratsak jarraitzeko; Iruñeko Udalak, esaterako. Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Fermin Alonsok jakinarazi duenez, sanferminetako ardatza dira zezenketak. Esan du osasun ona dutela, plazak bete egiten direlako eta «emaitza ekonomiko onak» eman dituelako aurten. «Donostiako Udalak hartu duen erabakiak kutsu politiko nabarmena dauka», ohartarazi du. Bilboko Udalak esan du ez duela adierazpenik egingo Donostiako erabakiaren inguruan. «Zezenetara joan nahi duena joan dadila, eta etxean geratu nahi duena, berriz, gera dadila», esan dute.

Gaua eta eguna

Aldatu egiten da zezenketei buruzko ikuspuntua, alde egon ala kontra. Galera ekonomikoak eragiten dituzte zezenketek, aurkakoen ustez; gero eta zale gutxiago joaten dira plazetara. Aldekoen ustez, berriz, zezenketek ez dituzte galerak sortzen, eta plazak nahikoa beteta egoten dira.

Trekuren ustez, «zulo ekonomiko ikaragarria» dira zezenketak. Inbertsio handiak eskatzen dituztela uste du: «Diru asko jarri behar da horrelako ekintzetarako: zezenak mantendu behar dira, ganadutegia kontratatu behar da, toreatzaileei soldata ordaindu behar zaie...». Esparru ekonomikoaz gain, iritzi dio etika eta morala aintzat hartu behar direla: «Zezenketak errentagarriak izanik ere, horrek ez du justifikatzen horrelako ekintzak egitea. Ikuspuntu moral eta etikotik, ezin dira onartu horrelako ekintzak».

Gonzalezen ustez, berriz, zezenketek ez dute gasturik eragiten: «Bilboko herritarrek ez dute zentimo bakar bat bera ere ordaindu behar zezenketak direla eta. Jende asko etortzen da zezenketak ikustera, hotelak bete egiten dira, eta horrek irabaziak sortzen ditu hiriarentzat». Abuztuaren 21ean Vista Alegre zezen plazan egindako zezenketa jarri du adibide gisa: «Egun horretan, sarreren %90 zeuden salduta. Kalkuluak eginda, 410.000 euro ingururen irabaziak erdietsi zituen zezen plazak egun horretan». Era berean, adierazi du ikusleek ez dutela laguntzarik jasotzen sarrerak erosteko orduan; nabarmendu du haien poltsikotik pagatzen dutela dena. Zezenketak Bilboko Aste Nagusia berpizteko gakoa izan direla ere uste du.

Zaleei dagokienez, Villegasek uste du nahiko beteak daudela plazak, eta ikusleak finkatzen ari direla. Hala ere, onartu du krisi ekonomikoak baduela eragina: «Krisi ekonomikoa gogor astintzen ari da ikuskizunak, baita zezenketak ere; dena den, sarrera onak dituzte zezen plazak».

Cuisseten ustez, berriz, «gutxiengoan» daude zezenzaleak; kopurua gero eta gehiago jaisten ari dela azaldu du: «Orain arte zezenketetara joaten ziren batzuek ere joateari utzi diote, ohartzen direlako arazo bat badela zezenketekin». Gaineratu du Frantzia osoan 10.000 «sostengatzaile sutsu» izango direla gehienez. Trekuk ere uste du zezenketekiko zaletasuna jaisten ari dela. Orain dela hamabost urte Gallup enpresak egindako inkesta baten emaitza gogora ekarri du Trekuk: «Gipuzkoarren %72 zezenketen aurka zegoen orain hamabost urte; gaur egun, beraz, zer esanik ez».Interes falta horrek zezenzaleak urduri jarri dituela dio: «Zezenzaleak beldurtuta daude, sumatzen dutelako zezenketak desagertu egin daitezkeela. Horregatik hasi dira zarata ateratzen orain». Trekuk zezenzaleei galdegin die erreferendumak egitea, herritarren gehiengoaren jarrera zein den ikusteko: «Hain ziur badaude irabaziko dutela, herritarrei galdetzea besterik ez dute. Ez dute galdetzen, ordea, badakitelako galdu egingo luketela».

Datuak lortzeko zailtasunak

Zenbait hiritan —Bilbon, adibidez— zezenketei buruzko datuak eskuratzea «ezinezkoa» dela azaldu du Euskadiko Libera taldeko kide Gregor Morenok: «Bilbon egiten dituzten zezenketei buruz datuak lortzea ezinezkoa da. Enpresa pribatu bat da Vista Alegre zezen plazaren jabea, eta ez dauka datuak kaleratu beharrik». Bilbori buruz eskuratu dituen datu bakarrak liskar baten ondorioz erdietsi zituela gogoratu du Morenok: «Duela hiru urte, Vista Alegre kudeatzen zuen enpresariak, Luis Diaz de Lezanak, ika-mika bat izan zuen Bilboko Udalarekin, ez zutelako lortzen akordio ekonomiko bat. Haserre zegoela eta, datu batzuk plazaratzen hasi zen Diaz de Lezana; horregatik jakin genuen zezen bakoitzak 12.000 euroko kostua duela, batez beste, eta garai hartan Jose Tomas toreatzaileak 300.000 euro kobratzen zituela saio bakoitzeko». Diaz de Lezana 2010ean hil zen, eta Morenok esan du ez dakiela nork kudeatzen duen orain zezen plaza: «Pentsa, Lezanaren ondorengoa zein den ere ez dakit».

Beste herri batzuetako datuak baditu Morenok. Hala nola Eibarkoak: «Badakigu zezen plaza moldatzeko proiektuak bederatzi milioi euroko kostua izango duela; orain geldituta daude lanak, krisi ekonomikoa dela eta». Donostiako Illunberi buruzko datu batzuk ere gogorarazi ditu: «2009an, Donostiako Udalak 21 milioi ordaindu behar izan zizkion Chopera enpresari, ezin zuelako harekin adostutako kontratua bete. Horren gain, handik bi urtera, beste zortzi milioi ordaindu behar izan zizkion udalak, eragindako kalteak zirela eta. Beraz, atera kontuak zezen plazek eragiten dituzten gastuez».

CRAC elkarteak, berriz, Baionako Udaleko datu batzuk kaleratu ditu. Horien arabera, 400.000 euroren galerak izan zituen joan den urtean Baionako Udalak zezenketengatik; guztira, milioi bat euro galdu du udalak bost urtean, datu horietan jasotzen denez. Galera horien eraginez, espero zen baino zezenketa gutxiago egin dituzte aurten Baionan; zazpi zituzten antolatuak, baina lau egin dituzte. Alain Afflelou betaurreko saltzaileak diru laguntza kendu izanak ere ez dio mesede egin herriko etxeari: 500.000 euroko laguntza eman behar zuen Afflelouk, baina udalak dirua zezenketetarako jarriko zuela jakin ostean, atzera egin, eta diru hori «beste xede batzuetarako» erabiltzeko eskatu zuen.

Zezenketekin bat, protestak

Jaiekin batera, zezenketak egin dituzte aurten ere Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Baionan. Horrekin batera, ordea, ekintza horien aurkako protestak ere antolatu dituzte bost hiriburuetan. Bilbon, atzo egin zuten azken protesta ekitaldia, Equanimal elkarteak antolatuta. Ontzi batean nabigatu zuten ehun ekintzailek, Bilboko ibaiadarrean, zezenketen aurkako aldarrikapenak eginez. Aurreko egunetan ere egin dituzte zezenketen kontrako protestak. Horrez gain, zezenketen aurkako liburu bat aurkeztu zuten herenegun. Donostiako Aste Nagusian, hilaren 11n egin zuten protesta, Askekintza Animalista taldeak antolaturik. Gasteizen, berriz, hilaren 5ean atera ziren kalera, zezenketen aurkako aldarrikapenak egitera. Pacma elkarteak antolatu zuen. Sanferminak hasi aurretik, Iruñean ere egin zuten protesta, uztailaren 5ean. ATEA elkarteak antolatu zuen. Baionan, ekitaldi bat antolatu dute irailaren 1erako; zezenketei buruzko informazioa banatuko dute herrian barrena, eta herriko etxearen aurrean bilduko dira gero, protesta egiteko. Prentsaurreko bat emango dute horren ostean, gaiari buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.