Hondarribiko aireportua handitzea AENAk begi onez ikusteak kritikak jaso ditu

EBren eta Aralarren ustez, AENAk gutxietsi egin ditu Hondarribiko pista luzatzeak eragin ditzakeen kalteak

jon olano
Donostia
2010eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Ezker Batuak eta Aralarrek kritikatu egin dute AENA Espainiako aireportuak kudeatzen dituen erakundeak Hondarribiko (Gipuzkoa) aireportuko pista luzatzearen inguruan ezagutzera eman duen txostena. Komunikatu banatan, Rebeka Ubera Aralarreko Gipuzkoako batzarkideak eta Arantza Gonzalez EBko Gipuzkoako batzarkideak pista luzatzeak ingurumenean eragingo lituzkeen kalteak gutxiestea egotzi diote AENAri. Proiektua «ingurumenarekin bateragarria» dela azaltzen du ingurumen ebaluaziorako atariko txostenak, ez omen dituelako kalte «bereziki garrantzitsuak» sortzen.

Gonzalezen ustez, AENAk «ez du eskumenik» proiektua ingurumenarekin bateragarria den edo ez esateko. Erabakia «Ingurumen Ministerioari» dagokiola gogorarazi du, eta gaineratu du horretarako «hasi berria den parte-hartze publikoko prozedura» egin behar dela. Gainera, EBk auzian duenikuspuntua defendatu du: «Nazioarteko legeria betetzearen eta Hondarribiko pista bere horretan uztearen aldeko apustua egin dugu beti». «Nabaria da», Gonzalezen ustez, pista ezin dela luzatu: «Duen ingurumen balioa dela eta, Europak babestutako gunea da».

Aralar ere ez dator bat AENArekin. Espainiako erakundeak egindako ingurumen ebaluaziorako atariko txostena «neurrira egina» dela salatu du Uberak, «bidean izan daitezkeen eragozpenen gainetik bermea izan dezan». «Halaxe gertatu zen, esaterako, Pasaiako kanpoko kaiarekin». Gunearen balioa txostenean bertan jasotzen dela azpimarratu du, baina ondorioak azaltzeko orduan «bigarren mailan» geratzen dela gehitu du.

Ingurumen arazoak ez dira Aralarrek proiektuaren aurka egiteko erabili duen arrazoi bakarra. Alde batetik, «arrazoi sozialak» aipatu ditu Uberak, pista luzatzeak «aireportu ondoan bizi direnen eguneroko bizitza» baldintzatuko lukeelako. Bestetik, azpiegituren arrazionalizazioa «beharrezkoa» dela uste du, «Euskal Herrian 200 kilometroko ingurunean bost aireportu» baitaude. «Hondarribiko aireportua eta dauden azpiegiturak modernizatzearen alde» agertu da Ubera, baina «pista handitu gabe».

Eragozpen gaindiezinik ez

AENAren ingurumen txostenaren arabera, pista luzatzeak ez luke kalte «bereziki adierazgarririk» eragingo. Guneak ezaugarri ekologiko bereziak dituela onartzen du, baina ez du eragozpen gaindiezinik ikusten proiektuak aurrera egiteko.Pistak 1.650 metroko luzera izango luke; 150 metro luzatuko litzateke Mendelu auzorantz, eta 50 itsasorantz.

Asmo horrek baditu bere arazoak. Mendelurako norabidean luzatu nahi dituzten 150 metroekin Jaizubiako ubidea zeharkatuko litzateke. Txingudiko hezegunearen parte dela eta, balio ekologiko handia du guneak. Ramsar zerrendan azaltzen da Txingudi, munduko hezegune garrantzitsuenen artean. Hala ere, «irtenbide tekniko egoki bat» bilatu behar dela uste du AENAk, ez proiektua bideragarria izan dadin, kalteak gutxitu daitezen baizik. Ingurumen arazoez gain, txostenean jaso dute «epe ertainera arazoak» egon daitezkeela, bai udalak hirigintza planen bat abiatu nahi izateagatik, bai aireportuak sortuko lukeen zaratagatik. Ingurumen Ministerioak hartu beharko du erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.