Hondarribiko aireportuak pista handitu gabe jarraituko du martxan

Espainiako Gobernuak ez du dirurik jarriko aurten; «salbuespen» izaera eman nahi dio, ordea, lanean segitzeko

Erredakzioa
Donostia
2012ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak ez du dirurik jarriko Hondarribiko aireportuko (Gipuzkoa) lurreratze pista handitzeko. Aurtengo aurrekontuetan ez du horretarako diru funtsik jarri, eta krisiak atzeratu egingo du egitasmoa. Gobernuak jarraitzen du pista handitzeko proiektua diseinatzen, eta urtea amaitzerako prest edukitzea espero du. Baina egoera ekonomikoak ez du aukerarik utzi proiektua diruz hornitzeko; pistaren handitze lanak ez dira lehentasunetan sartu.

NAZE Nazioarteko Abiazio Zibilaren Erakundeak aginduta, hegazkinentzako lurreratze pistek 300 metroko segurtasun tartea izan behar dute, gutxienez, lurreratzeko edo aireratzeko. Hondarribiko aireportuak ez du baldintza hori betetzen. Duela bi urte, akordioa itxi zuten Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Sustapen Ministerioak. Erabaki zuten pista 150 metro luzatzea Mendelu auzora, eta 50 metro luzatzea badiara. Egungo pistari beste ehun metro kenduta osatuko lirate segurtasunerako eskatutako 300 metroak. Egun, 1.754 metroko luzera du pistak. «Abiazio Zibilak eskatzen dituen segurtasun neurriak eta aireportuaren eraginkortasuna, biak uztartuko dituen konponbidea» lortu zutela azaldu zuen, orduan, Jaurlaritzak.

2016rako segurtasuneko tartea behar luke aireportuko pistak, lanean jarraitu ahal izateko, eta Espainiako Sustapen Ministerioak ez du baztertu pista luzatzeko proiektua, nahiz finantzaketa arazoak izan. Horregatik, aireportua martxan mantentzeko, dekretu bat prestatzen ari da Espainiako Gobernua; dekretu horrek «salbuespen» izaera emango dio aireportuari, eta segurtasun eremurik gabe ere funtzionatzen jarraitzeko aukera emango dio.

Hondarribiko alkate Aitor Kerejetak berri ontzat jo du pista ez luzatzea. «Duela hamabi urtetik udalak azaldu duen jarrera berretsi egiten du. Gainera, pozik gaude Mendeluko bizilagun, industria eta langileengatik, denbora gehiegi pasatu baitute egoera gogorra jasaten». Aireportuak lanean jarraituko duela ere nabarmendu du Kerejetak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.