Saltoki handiak

Hondarribiko Udalak eten egin du Zaldunbordako saltoki handiaren proiektua

Zaldunborda Gainerako Plan Partzialaren hasierako onespena bertan behera utzi duela iragarri du Udalak. 'Outlet' proiektua alboratzea edo neurriz txikitzea ekar dezake horrek.

Zaldunbordako proiektuaren argazki muntaketa. BERRIA
inaki petxarroman
2019ko abenduaren 17a
10:36
Entzun

Zaldunbordako saltoki handiaren proiektuaren tramitazioa eten egin du Hondarribiko Udalak, eta etenaldi horrek eragin zuzena eduki dezake egitasmoaren etorkizunean. Izan ere, udalak eraginik gabe utzi du Zaldunborda Gaineko Plan Partzialaren hasierako onespena, eta, hortaz, prozedura berriz egitekotan, Eusko Legebiltzarrak ekainean saltoki handietarako onartu zuen legeak bete-betean eragin diezaioke balizko proiektu berriari.
Eusko Legebiltzarrak ekainaren 27an onartu zuen merkataritza gune handiak mugatzeko legearen arabera, gehienez 2.500 metro koadro dituzten saltokiak eraiki daitezke Hondarribia bezalako biztanle kopurua duten herrietan. Salbuespen kasuetarako, 15.000 metro koadro arteko proiektuak ere aipatzen ditu legeak. Baina, edozein kasutan ere, Hondarribiko outlet-aren egitasmoak 28.000 metro koadro dauzka, eta, beraz, urruti du legeak ezarritako gehienezko muga.
Hondarribiko oposizioak gogor salatu izan du outlet proiektuari oniritzia emateko azken tramiteak egiteko modua. Izan ere, proiektuaren plan partzialaren hasierako onespenaren dekretua ekainaren 26an bertan sinatu zuen Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak (EAJ). Egun horretan bertan jaso zituen plan partzialari buruz udal arkitektoak eta idazkariak idatzitako txostenak, eta egun berean bertan sinatu zuen dekretua.
Biharamunean, Eusko Legebiltzarrak onartu egin zuen merkataritza gune handiak mugatzeko legea, baina lege horrek xedapen gehigarri bat zuen. Hots, ez zien eragingo hasierako onespena zuten proiektuei. Hain zuzen ere, bezperan Hondarribiko proiektuak lotu zuen hasierako onespen hori. Geroztik proiektuak kritika asko jaso ditu. Hondarribiko oposizioko alderdi guztiek gaitzetsi dute, eta baita inguruko herrietako udalek ere (Irunek, kasurako). Gipuzkoako Foru Aldundiak ere aitortu zuen proiektu hura ez zuela gustuko, eta Hondarribiko merkatari txikiek plataforma batean batu dituzte indarrak outlet-aren aurka. Eusko Legebiltzarrak ere errefusatu zuen egitasmoa.
Bada, atzo hedabideetara igorritako ohar baten arabera, Hondarribiko Udalak bertan behera utzi du alkatearen dekretua, enpresa sustatzaileak [Higertoki SL] ez dituelako bete Zaldunborda Gaina eremurako plan partzialaren zuzenketak. «Udal Zerbitzu Teknikoen 431/2019 txostenean esaten da, beste gauza batzuen artean, aurkeztutako plan partzialak ez duela uzten ikusten plan orokorrak ematen duen eraikigarritasunaren betetze maila, eta ez duela zehazten eremuaren antolamendu urbanistikoa nolakoa izango den», adierazi du Txomin Sagarzazu Alkateak.

Hedabideetara bidalitako oharraren arabera, bi aukera zabaltzen dira orain, udalak hartu berri duen erabakiaren harira: «Interesdunak ebazpen hau inpugnatzea edo plan partzial berria aurkeztea». BERRIAk kontsultatu dituen iturriek baieztatu dutenez, plan partzial berria onartuko balitz, Eusko Legebiltzarrak merkataritza gune handiei ezarritako betebeharrak bete egin beharko lirateke. Kasu honetan, gutxienez, proiektua txikitu egin beharko lukete.

Hondarribiko Udalak adierazi du «arauak bete eta betearazteko» dagoela. «Hasieratik hori egin du Zaldunbordako prozesu honetan, eta, gainerako prozesu administratiboetan bezala, dagokion enpresari hala eskatu zitzaion», azaldu du Sagarzazuk.

Oposizioa, itxaropentsu
Albistearen berri jakin eta berehala hasi dira lehen erreakzioak jasotzen. Ahotsanitzek «pozik» baina «tentuz» jaso du iragarpena: «Argi dugu herriaren erantzuna dagoela plan partziala bertan behera uztearen atzean, udal gobernuak ezin izan baitio eutsi ezarri zaion zaintza eta presioari», nabarmendu dute prentsa ohar batean. Hala ere, nabarmendu dute ez direla fio: «EAJk behin eta berriro erakutsi baitu Higertokiren nahiak asetzeko legea gainditzeko prest dagoela».

EH Bilduk «garaipen partzialtzat» jo du Hondarribiko Udalaren iragarpena. Hala idatzi du, behintzat, Iker Casanova koalizioko kideak Twitterren. Xabier Isasi Hondarribiko zinegotziak ere «albiste ontzat» jo du, gutxienez hasierako proiektua aldatzea ekar baitezake. Alabaina, aipatu du oraindik itxaron egin behar dela izan dezakeen eragina ikusteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.