Gipuzkoako Diputazioak «ez du gustuko» Zaldunbordako saltoki handiaren proiektua

Hondarribiko alkateak ekainean baimendu zuen 'outlet'-aren egitasmoa, Eusko Legebiltzarrak merkataritza gune handiak mugatzeko legea onartu bezperan

Hondarribiko merkataritza gune berriaren proiektua, Jaizkibel mendiaren magalean. HONDARRIBIA VILLAGE.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun
«Ez du gustuko», baina «legearen barruan, erabateko askatasuna du [Hondarribiko Udalak] nahi dituen erabakiak hartzeko». Halaxe adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak Zaldunbordako proiektuari buruzko iritzia, Imanol Lasa Sustapen Ekonomikorako diputatuaren ahotik. Tokiko merkataritza sustatzeko Ni singular naiz kanpainaren aurkezpenean galdetu diote Lasari Hondarribiko Eremu Handiko Merkataritza Gunearen proiektuaz. Oposizioak behin baino gehiagotan salatu ditu egitasmo horren «irregulartasunak eta kudeaketa iluna», baina aurrera doa oraingoz. Txomin Sagarzazu (EAJ) alkateak, izan ere, joan den ekainaren 26an sinatu zuen proiektua baimentzeko dekretua, Eusko Legebiltzarrak aho batez merkataritza gune handiak hiriguneetara mugatzeko legea onartu bezperan.

Gaintxurizketa mendatean dago Zaldunborda, Jaizkibel mendiaren magalean, hura Aiako Harriekin lotzen duen korridorean. Higertoki SL da sustatzailea, eta, azken datuen arabera, 28.000 metro koadro hartuko ditu outlet edo «merkataritza herrixka» berriak. 133 milioi euroko aurrekontua du. «Erreferentziazko marken» 100 denda baino gehiago jarri asmo dituzte, 2.000 aparkaleku, gasolindegi bat... 2021 amaierarako bukatu nahi dute.

Proiektua baimentzeko dekretuaren onarpena da, Hondarribiko oposizioak (Abotsanitz, EH Bildu eta PSE) salatu duenez, «kudeaketa ilunaren» adibideetako bat. Alkateak dekretua onartu eta biharamunean —EAJk gehiengo osoa du Hondarribiko Udalean— , merkataritza gune handiak mugatzeko legea onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Aho batez onartu ere, nahiz eta oposizioak sustatutako legea izan —EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk—. Legearen arabera, gehienez 2.500 metro koadro dituzten saltokiak eraiki daitezke hirietako periferian, eta txikiagoak herri txikiagoetan. Ez du eraginik irekita dauden zentroetan edo handitzen ari direnetan, baina izan dezake proiektua baino ez direnetan. Belartzakoan (Donostia), adibidez.

Hondarribikoak aise gainditzen du metro koadroen muga. Legeak dio gehienez 1.800 metro koadrokoak izan daitezkeela 10.000 eta 30.000 biztanle arteko herrien aldirietako merkataritza guneak, eta 28.000 metro koadro hartuko lituzke Hondarribia Village proiektuak. Horrez gain, Hondarribiko oposizioko hiru alderdiek ohartarazi zuten proiektuak kalte egingo diola Jaizkibel magaleko inguruneari —hegaztien ohiko igarobidea da—, eta autoen erabilera bultzatuko duela: «Kaltegarria da Hondarribiko merkatarien interesentzat».

Kritikak ukatu ditu udalak

Asteartean, Hondarribiko Udalak «erabat» ukatu zuen «erakunde pribatu baten interesen menpe» ari dela. Horrekin ere zalantzak agertu izan ditu oposizioak. Txinzer Txingudiko Zerbitzuak erakunde publikoak 2003an erosi zuen Zaldunbordako eremua, hasiera batean errauste planta bat egiteko. Proiektu hura ez zen gauzatu, eta 2016ko ekainean, Hondarribiko Udalak erosi zion Txinzerri, Hondarribia Lantzen sozietatearen bidez. Urte luzez hondakindegi gisa erabili izan da leku hura, eta deskontaminazio gastuak ere bere gain hartu zituen Hondarribia Lantzen-ek. Abotsanitzek kritikatu zuenez, «lau milioi euroko etekina» eman zion udalak Txinzerri.

Proiektuaren lizitazioa 2016ko irailean hasi zuten, eta Higertoki SL bakarrik aurkeztu zen. Urte hartako maiatzean eratu zuten enpresa, Hondarribia Lantzen-ek Zaldunbordako eremua erosi baino hiru aste lehenago.

Asteartean, Hondarribiko alkateak aipatu zuen merkatari txikien zailtasunez «kontziente» dela, baina nabarmendu zuen Zaldunbordako proiektua «oso garrantzitsua» dela «jarduera ekonomikoak aurrera egiteko eta lanpostu berriak sortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.