Gaztetxeen alde «bustitzea» zen mezua. Eta ondo bustita amaitu zuten Bilboko okupazio mugimenduaren deialdiari erantzun diotenak. Milaka lagun bildu ziren Bilboko kaleetan, Busti zaitez gaztetxeen alde goiburupean egindako manifestazioan, gaztetxeek azken bolada honetan jasandako «erasoak» salatzeko, eta Aste Nagusian antolatutako ekitaldi bati dagokion moduan, alaitsua, koloretsua eta umore onez betea izan zen protestaldia.
Argi zegoen Plaza Biribilean bildutakoak gaztetxeen alde bustitzeko prest zeudela. Soinean bainujantzia edo itsaspekarien jantziak zeramatzatela, manifestari gehienek hondartzako baloiak, flotagailuak, urpeko betaurrekoak, xukaderak, igerilekurako txanoak eta antzekoak zeuzkaten, Kale Nagusia hondartza erraldoi balitz bezala. Eta, batez ere, ur pistolak: manifestazioa hasi zenerako, blai eginda zegoen bat baino gehiago.
Manifestazioa 17:00etan ttanko abiatu zen. Buruan, pankarta, Gaztetxeak defenda ditzagun leloarekin, eta gurpildun plataforma metalikoa, bozgorailuz hornitua eta okupazioaren ikur erraldoiarekin apaindua. Atzean, berrehun lagun inguru baino ez zeuden abiatu zirenean. Baina, apurka-apurka, jendea iristen hasi zen inguruko kale guztietatik, eta manifestazioa Moyua plazara iritsi zenerako, milaka lagunek betetzen zuten Kale Nagusi osoa.
Plataformatik, itsaspekariz jantzitako bi lagunek mezuak botatzen zituzten etengabe: «Pertsona askeak garelako, askatasuna maite dugulako, denon artean erabakitzea gustatzen zaigulako. Geuk okupatu, geuk landu, geuk biziberritzen ditugun etxeak dira gaztetxeak. Gora gaztetxeak!». «Gaztetxeak, gure etxeak» eta «Kukutzatik ez dira pasako» oihu eginez erantzuten zuten manifestariek.
Uretan, plisti-plasta
Moyua plazara iritsitakoan, gaztetxeen alde bustitzeak metafora hutsa baino zerbait gehiago behar zuela erabaki zuten dozenaka gaztek, eta plaza erdian zegoen iturrira jo zuten. Oso giro onean, urez betetako puxikak elkarri botatzen ere hasi ziren, eta manifestazioak plazari buelta eman eta berriro Plaza Biribilerantz egin zuenean, manifestari gehienak mela-mela eginda zeuden.
Bi batukada talderen burrunba lagun, eta etengabe dantzan eta irribarretsu, Plaza Biribilera iritsi zen berriro segizioa, ordurako oso manifestazio jendetsu bilakatuta. Handik udaletxeraino egin zuten, eta bertan amaitu zuten ibilbidea.
Azken ekitaldian, bi agiri irakurri zituzten, bat Bilboko okupazio mugimenduarena eta bestea Kukutzako kideek egindakoa. Bilboko okupazio mugimenduak gogora ekarri zituen mehatxupean dauden gaztetxeak, baina, era berean, Bilbo Zaharreko eta Eibarko gaztetxe okupatu berriak ere agurtu zituzten.
Kukutzakoek, berriz, «erresistentziari» ekiteko deia plazaratu nahi zuten: «Une honetan, sinadura bat eta diru berme bat jartzea besterik ez dute falta Kukutza botatzen has daitezen. Gaztetxea edozein momentutan hustu dezakete: beraz, Aste Nagusia amaitu bezain pronto erresistentzia antolatzen hasteko deia egiten dizuegu».
Hondartza bat Bilbo erdian
Gazte andana bildu da Bilboko kaleetan gaztetxeen aldeko manifestazioan; arriskuan dauden gaztetxe guztiak izan dituzte gogoan, baina Errekaldeko Kukutzaren aldeko mezuak nagusitu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu