Akab Askatasun Kolektiboetarako Abokatuak taldeak goiz lanpetua izan zuen atzo: kexa ugari jaso dituzte San Frantziskoko erasoaren bideoa argitara atera denetik. Aratz Estonba partaidea oso kritiko mintzatu da polizien jarreraz.
Uste den baino ohikoagoa al da San Frantziskon gertatua?
Bai. Euskal Herrian poliziek orokorrean badute formakuntza nahiko bortitz bat, eta San Frantziskon eta antzeko auzo herrikoietan are jarrera bortitzagoa dute berez; kontua da honelako egoeretan bortizkeria hori naturalizatuagoa dutela poliziek. Gainera, uneotan kalera ateratzeari buruzko araudia nahiko lausoa da, zehaztugabea, eta horrek poliziei interpretazio aukera handiak ematen dizkie. Ertzaintzak irizpide batzuk ezarri ditu, baina horixe dira: irizpide, ez lege. Edonola ere, hori guztia batzeak dakar polizien zigorgabetasuna areagotzea, batez ere aurreiritzi arrazistak eta klasistak aktibatuta dituzten inguruetan.
Jasotzen ari zareten salaketen eta testigantzen arabera, nolakoak dira gehiegikeria horiek?
Hainbat lekutan, jarrera nagusia da errepresiora jotzea, isunera, pedagogia egin ordez; izan ere, jendeak beti ez daki zer egin behar duen. Horrek dakar pertsona batzuek aurre egitea poliziei, eta hortik aurrera, poliziek desobedientzia egoztea. Ezagutu ditugu halako hainbat gertaera. Adibidez: gizon bati alokairua amaitu zitzaion konfinamenduan zehar, jabeak ez zion etxean geratzen utzi, eta mudantza egiten ari zela ertzainek isuna jarri zioten; gizonak gertatutakoa azaldu zien, eta ertzainek erantzun zioten bost axola zitzaiela, ezin zuela kalean egon; bizilagunek grabatu egin zuten, eta ondoren ertzainek txirrina jo zieten, esanez irudiak zabalduz gero haiei ere isuna jarriko zietela. Badirudi San Frantziskon gauza bera egiten ari direla.
Zer lege aplikatzen ari dira?
Mozallegea; baina interpretazioa errege dekretuaren araberakoa da: ezin denez etxetik irten, kalera ateratzea osasun publikoaren aurkako jarrera bat izan daiteke, eta Poliziak esaten badu etxera joateko eta ez bada betetzen, desobedientzia arau hauste edo delitu bat izan daiteke.
Egun batzuetan 700-800 isun jarri ditu Ertzaintzak. Gehiegizkoa al da kopuru hori?
Bai. Mozallegea indarrean sartu eta bi urtera, ia 3.000 isun jarri zituzten; eta orain kopuru hori gainditu egin dute jada.
Horrelako tentsio egoeretan, zer egin behar dute herritarrek?
Lehenik, poliziekiko konfrontaziotik ihes egiten saiatu behar da: errazagoa da salaketa bat saihestea, gero horren aurrean defendatzea baino. Saihetsezina baldin bada, saiatu behar da ahalik eta lasaiena mantentzen gorputz jarreran eta tonuan, arrazoia erabiliz, eta ahalik eta azkarrena egoera horretatik alde egin. Hala ere, konfrontaziorako arriskua antzematen bada, komeni da solasaldia grabatzea, poliziak konturatu gabe, gerora frogak edukitzeko.
Polizia indarrak eta indar militarrak hartzen ari diren botereak zer eragin izan dezake gerora?
Badago joera militarista ageriko bat: diskurtso belikoa erabiltzen ari dira gaixotasun bati aurre egiteko. Gainera, alarma egoeran, boterea Barne, Defentsa eta Osasun ministerioek hartu dute, eta horrek adierazten du zein den estatuaren bizkarrezurra. Aurrera begira, eredu kaltegarria da: osasun eskubidea bermatu eta arazo sozialei erantzun ordez, pedagogia egin eta honi kolektiboki aurre egiteko moduak bultzatu beharrean, beldurrarekin jokatzen ari dira. Eta jendeari helduleku bat falta zaio: guregana jotzen ari dira asko, segurtasunik gabe bizi direlako. Abagune horretan erreferentzia militarrak erabiliz gero, jendarte autoritarioagoa sortuko da, poliziei eta militarrei onarpen handiegia emango diena, horrek dituen arriskuekin: ardura kolektiboa eraiki ordez, ardura delegatu bat sortzen da, hierarkikoa eta boterean oinarritua.
Aratz Estonba. Abokatua
«Honelako egoerek dakarte polizien zigorgabetasuna areagoatzea»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu