«Ondorio garrantzitsuak izanen dituzte». Horixe erran du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Iñaki Goirizelaiak, Espainiako Hezkuntza ministro Jose Ignacio Wertek iragarritako neurriei buruz. Ondorio horietako bat izanen da matrikulen garestitzea, Goirizelaiaren ustez. Murrizketak kritikatu ditu errektoreak, baina legeak betetzera behartzen baditu, egin beharko dutela erran du. Bekei buruzko politika egokia ez dagoen artean, matrikula garestitzea ez dela bidezkoa adierazi du.
EHUko Ikasle Kontseilua ere ez dago neurri horrekin ados. Ezohikobilera egin du Espainiako Hezkuntza Ministerioak iragarritako neurriei buruz. Eusko Jaurlaritzako eta EHUko arduradunekin bilera egiteko asmoa agertu du Ikasle Kontseiluak: «Prezio publikoak izozteko eskatuko diegu, eta beken kopuruak eguneratzeko».
Nafarroan, Ikasle Abertzaleek egin dute agerraldia Wertek mahai gainean jarritako murrizketen kontrako protestak aurkezteko. Batzarrak eginen dituzte Lanbide Heziketako zentroetan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Eta maiatzaren 10erako mobilizazio eguna prestatu dute.
0-3 urteko zikloarentzat Nafarroako Gobernuak ezarri nahi duen dekretu berriak ere kritikak jaso ditu. Ziklo horren aldeko plataformako kideek agerraldia egin dute Nafarroako Parlamentuan, eta dekretu berri horren bidez «zentroen duintasuna bazter» uztea egotzi diote Hezkuntza Departamentuari, haur gehiago izanen baita gela bakoitzeko.
Hurrengo urtean matrikula garestituko dela azaldu du EHUko errektoreak
Unibertsitateko ikasle kontseiluak prezio publikoak izozteko eskatu du, eta beken kopurua eguneratzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu