Hutsean geratu da Gasteizko autobus geltokiaren galdeketa

Oposizioko taldeak ez dira ados jarri; PSEk galdeketa ofiziala egitea proposatu du, eta Bilduk ez du onartu

Urte bukaerara arte patinaje ikastaroak mantenduko dira, besteak beste. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Gasteiz
2012ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Gasteizko autobus geltoki berria non egin erabakitzeko herri galdeketa ez da egingo. Ez behintzat epe laburrean. Bildu, EAJ eta PSE-EE ez dira ados jarri galdeketaren izaera zehazteko, eta ez dute gehiengorik lortu egitasmoa aurrera ateratzeko. Horrenbestez, Marotoren gobernuak geltokia Euskaltzaindiaren plazan egiteko asmoari eusten dio, aurreko gobernuak auditoriuma egin nahi izan zuen lekuan.

Oposizioko hiru alderdiak herri galdeketa egitearen alde agertu dira azken asteetan, baina, atzo, erabakiak hartzeko unean, ez zuten adostasun hori agertu. Herri galdeketa egiteko unea eta modua izan dira adostasuna galarazi duten bi puntuak. Bilduk ahal zen azkarren egin nahi zuen herri galdeketa, eta horren ingurukoa zen atzo eztabaidatu zuten mozioa. Bilduk uztailean egitea proposatu zuen, irailera arte atzeratzea baztertu ez zuen arren. Galdeketak ez zuen izaera ofiziala izango, ordea. Espainiako Gobernuak udalaren galdeketa proposamenari baiezkoa eman bitartean zortzi hilabete igaro zitezkeela ohartarazi zuen Bilduk.

Ideiarekin bat etorri arren, PSE-EEk izaera ofiziala eman nahi zion galdeketari. Patxi Lazkoz PSE-EEko bozeramailea «itxurak» egitearen aurka agertu zen atzoko udalbatzan, eta esan zuen galdeketa egitekotan ofizialtasunak ematen dituen berme guztiekin egin behar litzatekeela. Horren araberako zuzenketa bat aurkeztu zuen PSE-EEk udalbatzan. EAJk Lazkozek defendatutako ideiaren alde egin zuen, baina Bilduk ez zion babesik eman. Horrenbestez, ez Bilduren mozioak ezta PSE-EEren zuzenketak ere ez zuten aurrera egin.

PPko ordezkari guztiek galdeketaren aurka bozkatu zuten.

Euskaltzaindiaren plazan

Udalbatzan gertatutakoak Marotoren gobernuari aukera ematen dio behin-behinean jatorrizko ideiari eusteko; hau da, geltokia Euskaltzaindiaren plazan egiteko. Hain zuzen ere, PPren zein Bilduren ustez leku hori da autobus geltokia egiteko egokiena, Bilduk erabakitzeko ahalmena herritarrei emateko bidea hasi zuen arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.