Osasuna. Medikuen hutsegiteak

Hutsegiteen mamua

Iaz, 692 salaketa izan ziren Hego Euskal Herrian osasun profesionalen ustezko akatsengatik. Halako egoeren biktimek ez dute erraza kalte-ordaina lortzea.

ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Urtetik urtera gora doaz osasuneko profesionalen hutsegiteengatik jartzen diren salaketak. Urte hasieratik, adibidez, Osakidetzaren aurkako hiru epai izan dira. 944.000 euro ordaindu beharko ditu horien ondorioz. «Oraindik, ordea, jendeari kosta egiten zaio pausoa ematea», esan du Salvador Asenjo abokatuak. Aditua da halako kasuetan. Iritzi berekoa da Javier Aretxabaleta abokatua ere, eta medikuen artean «gehiegizko enpatia» dagoela salatu du. Horregatik eta aseguru etxeen «presioagatik» luzatzen eta katramilatzen dira halako auziak, bien ustez. Kezkatuta daude murrizketek hutsegite kasuak ugaritzea ekar dezaketelako.

Hutsegite Medikoengatik Kaltetutakoen Defentsarako Espainiako Elkarteak emandako datuen arabera, iaz 692 salaketa izan ziren Hego Euskal Herrian, 2010ean baino 80 gehiago. EAEn Gurutzetako erietxeak (Barakaldo, Bizkaia) eta Donostiako Ospitaleak jaso zuten salaketa gehien, eta Nafarroan, Klinika Unibertsitarioak. Traumatologia zerbitzuek izaten dute kexa gehien. «Gaixo gehien igarotzen den zerbitzuetako bat da traumatologiakoa; beraz, ulergarria da», azaldu du Asenjok.

Zerrendan hurrengoak ginekologia, onkologia eta larrialdi zerbitzuak dira. Azken urteetan, gainera, gora egin dute kirurgia estetikoko ebakuntzei lotutako salaketek. «Ebakuntza horiek egiten dituzten medikuek gaixoak baino gehiago bezeroak dituztela esan ohi dut nik. Medikuek ebakuntzaren alde onak azaltzen dizkiete, eta txarrei garrantzia kentzen diete. Hori dela eta, gero ezusteak izaten dituzte, eta salaketa jarri nahi dute gaixoek. Baina oso zaila da zerbait lortzea». Aretxabaletak iragarri du, gainera, litekeena dela zailtasunak handitzea. «Ziurrenik legea aldatuko dute, eta arrazoi estetikoengatik ebakuntzak egiten dituztenei zaildu egingo diete kalte-ordainak lortzea».

Asenjok eta Aretxabaletak baieztatu egin dute osasuneko profesionalen aurkako salaketa kopurua gora doala: «Jendea gero eta gehiago konturatzen da juridikoki dituen eskubideez, eta nabarmen igo da salaketa jartzeko aukeraz galdetzen dutenen kopurua». Oraindik, ordea, galdetzen dutenak baino dezente gutxiago dira salaketa jartzeko urratsa egiten dutenak. «Nahiko auzi luzeak dira, eta jende asko desanimatu egiten da», iritzi dio Asenjok.

Biek nabarmendu dute beste auzi batzuetan baino froga gehiago aurkeztu behar direla aldeko epaia izateko. «Ez da, adibidez, kontratu bat apurtzen denean bezala. Apurtze hori legezkoa den edo ez argitzea sinplea da. Hutsegitea egon den edo ez zerbait subjektiboa izan daiteke; beraz, auzi medikuek lan handia egin behar dute, eta txostenak sakon aztertu. Askotan, horregatik luzatzen dira auziak».

Aurrera egiteko edo auziak irabazteko topatzen duten beste zailtasunetako bat osasun profesionalen artean dagoen elkartasuna dela azaldu dute. Askok salatu dute medikuen artean korporatibismoa dagoela. «Nik nahiago dut enpatia hitza erabili. Lanbide guztietan izaten da, eta neurri batean uler daiteke. Baina osasun profesionalen artean handiagoa dela esango nuke. Harreman sare handia sortzen da haien artean kongresuetan eta batzarretan», argitu du Aretxabaletak. Harago doa Asenjo, eta presioak ere izaten direla azaldu du. «Gertatu izan da mediku bat elkarte espezializatu batetik kanporatzea, lankide baten jardunaren aurkako txostenak aurkeztu dituelako. Horri juridikoki heldu egin behar zaio, delitu bat ezkutatzen aritu daitezkeelako».

Horrekin batera, gogorarazi dute kasu askotan bai Osakidetza eta bai Osasunbidea kaltetuekin akordio bat egiteko prest egoten direla, baina aseguru etxeek auzibidean jarraitzera behartzen dituzte. «Azken batean, haiek ordaindu behar dute, eta kasuak muturreraino eramaten saiatzen dira, ez pagatzeko». Hori dela eta, Aretxabaletak eskatu du bitartekaritza zerbitzu bat sortzeko halako kasuetarako. «Auzi asko bidera litezke horren bidez, zentzugabea baita gure zergekin ordaintzen dugun erakunde batek amaieraraino eramatea auzia. Kasu askotan harremanetan ere ez dira jartzen kaltetuekin; sentiberatasun handiagoa izan beharko lukete».

Salatzeko beharra

Auziak «zailak eta gogorrak» izan arren, salatzeko eskatu diete biktimei. Bi arrazoi nabarmendu dituzte. Batetik, hutsegiteak ez errepikatzea. «Gehienetan, dirua baino gehiago, horixe da salaketa jartzeko kaltetuek duten arrazoi nagusia. Osasun arduradunek hutsegitea aitortzea ere nahi izaten dute», nabarmendu du Asenjok. Beste zergatia Aretxabaletak eman du: «Senidearen heriotzaren dolua gainditzeko, maiz funtsezkoa izaten da. Hutsegitearen zalantzak ez die aurrera egiten uzten askori. Halakoetan, onena salatzea da. Epaia jakindakoan, aldekoa zein kontrakoa izan, lasaitua hartzen dute».

Salaketak salaketa, osasuneko profesional gehienen jarduna babestu dute. «Lan aparta egiten dute», goraipatu du Aretxabaletak. Asenjok argi du: «Mediku, erizain edo anestesista baten jardun txarragatik soilik ez dira hutsegiteak gertatzen. Oso zaila da hori». Hala, harago joan behar dela iritzi dio. «Osasun sistema aztertu behar da, askotan horrek dituen gabezien ondorio baitira hutsegiteak: baliabide material nahiz langile falta, antolakuntza eskasa... Bada zer hobetu alor horretan».

Arazo horiek agerikoagoak izaten dira erietxe handietan. «Gaixo gehiago igarotzeagatik ez ezik, horregatik dira erietxe handiak salaketa gehien jasotzen dutenak. Antolatzen zailagoak dira, eta horren ondorioz gertatzen dira kasu askotan hutsegiteak». Beraz, beste osasun eredu bat aztertzeko beharra galdegin du Asenjok: «Erabat perfektua den sistemarik ez dago. Baina, agian, antolatzen errazagoak diren erietxeak behar ditugu». Burokrazia eta zerbitzuen arteko koordinazioa hobetu beharra ere nabarmendu du Aretxabaletak, eta larrialdi zerbitzuetan dagoen egoeragatik kezka azaldu du. «Azken urteetan ez da behar bezala indartu lehen mailako osasun arreta. Hor prebentzio lan handi bat egiten zen. Jendea jakitun da egoeraz; hortaz, aparteko arazoren bat duenean larrialdietara joaten da. Ulergarria da. Horrek ondorio bat izan du: larrialdi zerbitzuak gainezka egotea eta hutsegiteak ugaritzea».

Murrizketekin halako arazoak gehitu daitezkeen beldur dira. «Ezinbestean eragina izango dute murrizketek. Hutsegiteak saihesteko modurik eraginkorrenetakoa da baliabide materiala eta langileak jartzea, eta kontrakoa egiten ari dira. Asko kezkatzen gaituzte baita ere diagnostikoak egiteko probetan izan daitezkeen murrizketek. Osasun profesionalek murrizketak onartu ez arren, goragokoek erabakiko dute zein baliabide jarriko dituzten haien esku». Osasun sistema publikoa «desegiten» ari direla salatu du Aretxabaletak. «Etorriko denak, gainera, ez du itxura hobea. Alderantziz, atzera egiten jarraituko dugula esango nuke. Horrek herritar guztien kezka izan beharko luke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.