Etxebizitza

Hutsik zeuden hiru mila etxebizitza, alokagai

Eusko Jaurlaritzaren Bizigune programak 22 milioi euroko inbertsioa egin du azkeneko hiru urte eta erdian. Etxebizitza alokatzen dutenek euren diru sarreren %30 baino gehiago ez dute ordaintzen.

2007ko martxoaren 30a
16:44
Entzun
Hiru urte eta erdi daramatza Eusko Jaurlaritzaren Bizigune programak eta, bitarte horretan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hutsik zeuden hiru mila etxebizitza merkatura ateratzea lortu dute, alokairu sozialean jarriz denak ere.

22 milioi euroko inbertsioa egin dute. "Diru hori alokairu sozialeko etxebizitzak egiteko erabiliko bagenu, 200 baino ez genituzke egingo. Bizigune programaren bidez, berriz, hiru mila etxebizitza jarri ditugu alokairuan", esan du gaur Udaldo Ortiz Jaurlaritzaren Etxebizitza Saileko Arabako ordezkariak.

Programa horretan dauden etxejabeek beti garaiz kobratzen dute alokairuaren dirua eta etxea baldintza onetan jasotzen dute gero. Etxean sartzen direnek, berriz, euren diru sarreren %30 baino gehiago ez dute ordaintzen alokairuagatik hilero. Etxejabeek, batez beste, 560 euro jasotzen dituzte hilero eta haien bezeroek 235 euro ordaintzen dituzte; aldea, Eusko Jaurlaritzaren kontu.

Ortizek emandako datuen arabera, bigarren edo udako etxebizitza bezala hartzen ez diren 26.000 etxe daude hutsik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, "eta hori arazo larria eta luxu onartezina da, Etxebiden 73.000 lagun daudelako izena emanda".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.