Ia 10 urtean "klandestinitatean"

Iñigo Iruin abokatuak 2003ko urtarrilean iragarri zuen ezker abertzaleak garai zailak izango zituela Alderdien Legearekin. "Hamarkada honetan ezker abertzalea klandestinitatean ikusten dut", zioen 'Egunkaria'-ri emandako elkarrizketa batean. Orduko martxoan hasi ziren legez kanporatzeak; aurrenak, Batasuna, HB eta EH.

enekoitz esnaola
2012ko ekainaren 20a
12:04
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenean Batasuna alderdi politikoaren (2001ean sortua) legez kanporatzeari buruzko epaiketa egin berria zuten, eta Iñigo Iruin defentsa abokatua ezkor zen Egunkaria-n 2003ko urtarrilaren 26an, elkarrizketa batean. Etorkizun iluna marraztu zuen: "Hamarkada honetan ezker abertzalea klandestinitatean ikusten dut". Hots, legez kanpo ikusten zuela.

"Etorkizuneko ezker abertzalea legez kanporatzeko ere bada [Espainiako] Alderdien Legea", zioen Iruinek  Egunkaria-n 2003ko urtarrileko elkarrizketa hartan. 2002ko ekainaren 27an jarri zuten martxan lege hura, PPk eta PSOEk bultzatuta, eta Espainiako Auzitegi Gorenak 2003ko martxoan utzi zituen legez kanpo Batasuna, HB eta EH, "ETAren tresna eta ETAkoak" zirela jota.

Harrezkero ezker abertzalea ia beti "klandestinitatean" izan da, Iruinek 2003an aurreikusi zuen bezala. Izan ere, Espainiako Justiziak legez kanpo edo baliorik gabe utzi izan ditu AuB eta herri platafomak 2003an, HZ 2004an, Aukera Guztiak 2005ean, EAE-ANV (herri hautagaitza erdiak eta foruetako ia guztiak) eta ASB 2007an, D3M eta Askatasuna 2009an.

'Salbatu' izan diren bakarrak: EHAK 2005ean eta Iniciativa Internacionalista —ezker abertzaleak haien aldeko botoa eskatu zuen—. Dena dela, Gorenak 2008an EHAK legetik at jarri zuen, baita ANV ere.

2011ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan ezker abertzaleko hainbat independente Bildu koalizioan aurkeztu ziren, EA eta Alternatibarekin, eta Konstituzionalak legezko jo zuen, kanpainaren hasieran bertan, aurretik Gorenak baliogabe jo ostean. 2011ko azaroko Espainiako bozetan ezker abertzalea Amaiur koalizioan joan zen, EA, Alternatiba eta Aralarrekin, eta ez zen inpugnaziorik egon.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2004ko azaroan berretsi egin zuen Gorenaren legez kanporatze epaia, eta Batasunak Europara jo zuen, Estrasburgoko Auzitegira. Baina honek 2009ko ekainean ontzat jo zuen Espainiako Justiziaren erabakia.

2012ko ekainean etorri da ezker abertzalearen legeztatzea, Konstituzionalak Sorturen babes helegiteari arrazoia emanda.

2003ko elkarrizketa hartako Iñigo Iruinen esanak epaiketaz.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.