HERRI GALDEKETA

Ia %40ko parte hartzea Azpeitian, eta %94k baiezkoa bozkatu dute

'Ez' bozkatu dute 188 lagunek, parte hartzaileen %3,93k. "Inoiz egin den herri galdeketarik parte hartzaileena" izan dela adierazi dute Hitzartuko kideek. [YouTube]https://youtu.be/4uaF5jT4H8g[/YouTube]  

enekoitz esnaola
2016ko ekainaren 6a
15:27
Entzun

"Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?" izan da galdera Azpeitian, eta zortzi mahaitan zeuden boto paperak: 'bai' eta 'ez'. Berrehun lagun inguru ibili dira boluntario lanetan. Begiraleen artean, berriz, Paul Rios Lokarri-ko koordinatzaile ohia edota Quim Arrufat CUPeko kidea. %39,38ko parte hartzea izan da (4.781 boto) eta haietatik %94,62k 'bai' esan diote euskal estatu independenteari; 4.524 herritarrek.

'Ez' bozkatu dute 188 lagunek, parte hartzaileen %3,93k. Boto zuria 17 lagunek eman dute, %0,36k. Eta baliogabeak 52 boto izan dira, %1,09.

Egun "bikaina" eta "oso handia" izan dela adierazi dute Hitzartuko kideek. Azpeitian "inoiz egin den herri galdeketarik parte hartzaileena" izan dela esan dute. "1978ko Espainiako Konstituzioaren [1978] inguruko herri galdeketan azpeitiarren %20,3k eman zuten botoa eta Europako Konstituzioaren [2005] %30,7ko parte hartzea izan zen". EAEko Estatutuko erreferendumean (1979), %65,5ekoa; NATOkoan (1986), %58,4koa. Laurak ere erreferendum ofizialak eta lotesleak ziren; gaurkoa, ez. "Gaur izan dugun parte hartzeak erakusten du herria bizia dela gurea, Azpeitia. Horregatik, zorionak gaur hitza hartu duten herritar guztiei".

Egun osoan giro paregabea egon da, eguraldi ona lagun: Kataluniako 150 castellers, bertsolariak, kantu jira, kontzertuak...

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.