Aurtengo udaberriko udal eta foru hauteskundeetan EAJrekin batera koalizioan aurkezteko saioak porrot egin duela aitortu du H1 Hamaikabateko presidente Iñaki Galdosek. Haren arabera, «ia ziurra» da H1 bakarrik aurkeztuko dela hauteskundeetan; «aliantzarik» egitekotan, zenbait herritako hautagaitza independenteekin egingo dutela dio. H1eko buruak azaldu duenez, «hauteskunde makineria osoa» martxan jarri dute dagoeneko, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietarako eta udaletarako zerrendak osatzeko prozesua «bide onetik» doala adierazi du.
Galdosek, baina, ez du ukatu beraien asmoa beti izan dela EAJrekin batera ahalik eta erakunde gehienetan aurkeztea. Akordioa egin ez badute, hori EAJrengatik izan dela dio Galdosek: «Orain arte erantzun bakarra jaso dugu: H1eko kideak EAJren zerrendetan aurkeztea. Baina guk ez dugu hori ikusten, gizartearentzat eta abertzaletasunarentzat ez delako ona». «Ez dugu marra gorri hori gaindituko», gaineratu du Galdosek.
Proiektu estrategikoa
H1eko presidenteak azaldu duenez, bi alderdien arteko harremanean «malgutasunarekin» jokatu du H1ek, eta proposamen «zehatzak eta errealistak» helarazi dizkio EAJri. «Badirudi proposamen horiek deseroso sentiarazi dutela EAJ», adierazi du. «EAJri unean unekoa interesatzen zaio; guk, ordea, sakontasun handiagoa duen irakurketa politiko bat egiten dugu», nabarmendu du H1eko presidenteak.
Horren harira, Galdosek nabarmendu du EAJk eta H1ek ordezkatuko luketen abertzaletasun historikoa eta instituzionala «plurala» dela eta pluraltasun hori alderdi batean baino gehiagotan islatu beharra dagoela. «Alderdi txikia eta berria gara, eta onartu behar dugu EAJ askoz ere handiagoa dela. Hala ere, uste dugu alderdien existentzia errespetatu behar dela».
H1eko presidenteak azaldu duenez, bere alderdiaren helburua da abertzaletasun historiko eta instituzionalak «galdu» duen lidergoa errekuperatzea. «Nire ustea da EAJ beste plano batean ari dela», adierazi du.
«Ia ziurra» da Hamaikabat bakarrik aurkeztuko dela bozetan, Galdosen arabera
H1eko presidenteak dio EAJri «unean unekoa baino ez» zaiola axola eta haiek «irakurketa sakonagoa» dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu