festak

Iñaki Cabases NaBaiko zinegotziak botako du Iruñeko sanferminetako txupinazoa

Udaletxeko balkoitik hitz "sinple" batzuk esango dituela iragarri du.

2012ko ekainaren 19a
22:45
Entzun

Iruñeko sanferminetako txupinazoa aurten Iñaki Cabases Nafarroa Bai koalizioko zinegotziak botako du, uztailaren 6an, eguerdian. Gaur jakin denez, Enrique Maia alkateak (UPN) NaBairi eman dio festen hasierako suziria botatzeko ardura, eta honek Cabases izendatu du horretarako.

Udaletxeko balkoitik hitz "sinple" batzuk esango dituela iragarri du Cabasesek. "Protagonista suziria da, botatzen duenarentzat ohore bat da, eta hitzek sinpleak izan behar dute, hori nahi-eta jendeak".

Iruñean jaio zen, 1952an. 1986tik 2011ra artean EAko kidea izan zen, eta Nafarroako Gobernuko lehendakari Javier Otano (PSN) izan zenean Industria, Komertzio eta Turismo kontseilari kargua bete zuen.

Iaz Maia alkateak berak bota zuen sanferminetako txupinazoa, kargua hartu eta aste gutxira. Tradizioak dio legealdi bakoitzean udaleko talde guztiek bota behar dutela txupinazoa, ordezkaritza gehien dutenetik hasi eta gutxien dutenetaraino. Nafarroa Bai da udaletxean ordezkaritza gehien duen bigarren alderdia.

2010ean Iruñeko buruhandi eta erraldoien konpartsako kide Mari Ganuzak jaurti zuen —konpartsaren 150. urteurrena zela eta—, 2009an Maite Esporrin PSNko zinegotziak, 2008an Uxue Barkos NaBaikoak, 2007an Yolanda Barcina UPNko kide eta orduko alkateak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.