HEZKUNTZA

Iaz baino 110 irakasle gehiago hartu dituela iragarri du Jaurlaritzak

3.400 ikasle gehiagok hasi dute ikasturtea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Igoerari erantzuteko maisu-maistra gehiago daudela esan du Uriarte sailburuak. D ereduak gora egin du, baina makaldu egin da hazkundea.

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko irailaren 6a
12:15
Entzun

Ikasturtea gaur hasi dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasle gehienek. Iaz baino %0,94 estudiante gehiago dira aurten, 3.400 gehiago. Ratioei eta irakasleen eskola orduei eutsi egin dietela nabarmendu du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, eta, beraz, irakasle gehiago hartu behar izan dituztela ikasle kopuruaren igoera horri erantzuteko. 110 irakasle gehiago izango dira ikastetxeetan. Sare publikoan ikasleen %51 arituko dira aurten.

D ereduak gora egin du herrialde eta irakats-aldi guztietan, baina aurreko urteetan baino makalagoa da hazkundea: puntu eta erdi igo da. Jaurlaritzak bereziki nabarmendu du euskarazko ereduak Lanbide Heziketan izandako goraldia: lehen aldiz, ikasleen laurdenak baino gehiago arituko dira euskaraz Lanbide Heziketan. Oraindik ere, ordea, hutsune handia dago irakats-aldi horretan, gainerakoekin alderatuta. Hona hemen ereduen banaketa irakats-aldi bakoitzean:

Herrialdetik herrialdera, ñabardura handiak daude, nolanahi ere. Interesgarri da azken urteetako bilakaera aztertzea.

Araban, adibidez, 1996-97ko ikasturtean, A eredua zen nagusi, erdara hutsezkoa. Gainbehera hasia zuen, hala ere: D eta B ereduak garatzen joan ziren, baina 2004tik aurrera joera ezberdina hartu dute. D ereduak igoera handiagoa izan du B ereduak baino. Gaur egun euskara hutsezko eredua da nagusia Araban: ikasleen %45 ditu.

Bizkaian ere gaztelaniazko eredua zen nagusia orain hogei urte, baina D eredua bikoiztu baino gehiago egin da harrezkero. B ereduaren goraldia apalagoa izan da. Bizkaiko ikasleen %58 ari dira euskara hutsean ikasten.

Gipuzkoan abiapuntu hobea zuen D ereduak. Nagusi zen 1996rako. Goraldi handia izan du, hala ere: ikasleen %46,5 zituen urte hartan, eta aurten %78,5 ditu. Gaztelania hutsezko eredua, berriz, oso bazterrekoa da, eta ez du hamar ikasletik bat ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.