Zinpeko epaimahaiak absolbitu egin du iaz Tafallan ustez senarra hil zuen emakumea -Maria Pilar Marcos Rubio, Tafalla, 64 urte-, deliturik ez dagoela ebatzita. Aske geratu da, beraz. Epaimahaiak dio emakumeak hil zuela gizona, baina ezin dela frogatu istripuz, eztabaidan ari zirelako edo nahita hil zuen.
Emakumea lehengo astean epaitu zuten Iruñean, Nafarroako Auzitegi Nagusian, gizona hiltzea egotzita. Epaiketaren amaieran, fiskalak eutsi egin zion 11 urteko kartzela zigor eskaerari, homizidioa leporatuta; haren arabera, senarra -Jose Antonio Gil Silva, 77 urte- hiltzeko asmoa zuen.
Maria Pilar Marcosek epaiketan zioen 44 urtean jasan zituela senarraren tratu txarrak, eta seme-alabek berretsi egin zuten azalpena.
2009ko azaroaren 2an hil zen Silva, bularrean labana sartuta. Emakumearen arabera, egun hartan ere senarrak eraso egin zion eta hilko zuela pentsatu zuen. Bere burua babesteko laban bat hartu zuela kontatu zuen Marcosek epaiketan, baina inoiz ez zuela gizona hiltzeko asmorik izan. Azaldu zuen eztabaida bizian hura jipoitzen ari zitzaiola labana lurrera erori zela, halako batean senarra lurrera erori zela eta labana sartu zuela bularrean. Akusatuak bi trapu jarri zizkion odola geratzeko, eta larrialdi zerbitzuetara deitu zuen. Hain zuzen, defentsak hori argudiatu zuen emakumearen absoluzioa eskatzeko.
Bederatzi lagunek osatu dute zinpeko epaimahaia: zortzi gizonek eta emakume batek.
genero indarkeria
Iaz Tafallan ustez senarra hil zuen emakumea absolbitu egin du zinpeko epaimahaiak
Epaimahaikideen ustez, ez dago deliturik. Maria Pilar Marcosek epaiketan zioen 44 urtean jasan zituela senarraren tratu txarrak eta bien arteko eztabaida batean labana sartu zitzaiola gizonari. Fiskalak 11 urteko espetxea eskatu zuen, nahita hil zuelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu