Bederatzi hilabete pasatu dira iazko abuztuaren 12an istripua gertatu zenetik, eta, azkenean, Diego Maeztu Alloko (Nafarroa) mendizalearen gorpua aurkitu dute Suitzan. Joan zen astean agertu ziren gorpuzkiak, eta DNA probak egin dizkiote bitartean. Azkenean, ondorioztatu ahal izan dute Maeztu zela.
Senideek gorpua Euskal Herriratzeko tramiteak hasi dituzte.
Maeztuz gain, beste hiru euskal herritar hil ziren istripuan. Uharte Arakilgo (Nafarroa) Mikel Zabalza (30 urte), Gueñesko (Bizkaia) Andoni Gonzalez (48 urte), eta Maezturen herrikide Mikel Lasa (33). Sei laguneko taldean zeuden, baina beste bi lagunek, istripua izan baino lehenago, beste bide bat hartzea erabaki zuten.
Ekaitza 18:10ean hasi zen arroilan, ordu eta erdi iraun zuen, eta, guztira, 25-30 litro jausi ziren metro koadroko. Gauean hiru mendizaleren gorpuak aurkitu zituzten, arroila amaitzen den Gigerwald lakuaren inguruan. Kantonamenduko Poliziak azaldu zuenez, ekaitzak sortutako uholdeak eraman zituen haraino. 100 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte erreskate lanetan, baina ez zuten lortu laugarren mendizalearen gorpua topatzea.
Esperientzia handiko kirolariak ziren. Esaterako, Sakon Espeleo Taldeko kidea zen Mikel Zabalza, eta Azpigorri mendi taldeko kide eta arroilen argazkilari ezaguna ere bai Andoni Gonzalez.