Iazko uztailean baino %2,7 turista gutxiago iritsi dira

Gipuzkoak, Bizkaiak eta Arabak urrutiko bidaiari gehiago hartu dituzte, baina inguruko herrietako turista gutxiago

Erredakzioa
2012ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Iazko uztailetik aurtengora, jaitsi egin da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak hartutako turista kopurua: %2,7 gutxiago iritsi dira aurten. Guztira, 256.867 lagun izan dira oporretan hiru herrialde horietan. Gipuzkoak izan du turista jaitsiera handiena: iazko uztailean baino %5,6 bidaiari gutxiago hartu ditu aurtengoan; Araban, %1,5 egin du behera; Bizkaian nabaritu dute gutxien, %0,8 jaitsi baita. Eustatek eman zituen datuak, atzo.

Espainiako, Kataluniako eta Galiziako turisten jaitsiera izan da beherakada ekarri duena, beste herrialde batzuetako bidaiari gehiago iritsi baitira oporretan Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara. Zehazki, beste herrialdeetako turista kopuruak %9,9 egin du gora. Batik bat Frantziatik, Alemaniatik eta Erresuma Batutik iritsitako turista kopurua ugaritu da uztailean. Datu hori nabarmendu du, hain justu, Eusko Jaurlaritzak: «Atzerriko turistentzako norako gisa sendotu da Euskadi». Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak adierazi du urte ona izaten ari dela turismoarentzat; iaz baino %2 turista gutxiago iritsi diren arren, iazkoa turismo daturik onenak utzi zituen urtea izan zela, eta aurtengoa bigarren urte onena dela seinalatu du.

Hala ere, iazko uztailarekin alderatuta, asko jaitsi da Espainiako eta Kataluniako turisten bisita kopurua: Gipuzkoan, %15; Bizkaian, %9,7; Araban, %6,8. Joeraren aurka, Bilbon %2,5 bidaiari gehiago jaso dituzte uztailean. Beste herrialde batzuetako turisten artean ere nabaritu da jaitsiera: Portugal eta Greziako bidaiari gutxiago iritsi dira.

Turisten egonaldiak zerbait luzatu dira, nolanahi ere: iazko uztailean, batez beste, 1,95 eguneko egonaldiak egin zituzten; aurtengo uztailean, 1,98 eguneko egonaldiak. Lotarako lekuen betetze maila, berriz, %60,4koa izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.