Herenegun arratsaldean atxilotu zuten Ibai Peña gazte gasteiztarra, Lapurdin, eta epailearen aitzinetik atzo pasatu ondoan, preso sartu zuten Seysseko presondegian (Frantzia), euroagindua aztertu bitartean. Asteartean ikertuko dute Peña Espainiaratzeko eskaera, Paueko auzitegian.
2010eko urtarrilean atxilotu zuten lehen aldikoz, hor ere euroagindu baten harira. Baina Paueko epaileak Espainiaratze eskaera ez zuen onartu. Ordutik, laugarren aldia da Frantziako Poliziak Peña atxilotzen duela. Orain arte, lehen euroaginduagatik izaten zen beti, eta auzitegiak jada ikertua zuela ikusirik, aldi oro aske uzten zuten. Jazarpen hori salatu zuen iazko urrian, iritzi artikulu baten bidez: «Horrela nire bizimodua eta militantzia baldintzatzea dute helburua, Ipar Euskal Herrian errotu dudan bizitza ezegonkortuz eta etengabe oztopatzen saiatuz». Atxiloketa salatzeko elkarretaraztea eta manifestazioa egin zuten atzo Baionan. «Ibai askatu», «euroaginduari ez!» eta «euskal gazteria utzi bakean» oihuen artean egin zuten protesta.
2004an atxilotu zuten aurreneko aldiz, kale eraso bat egitea egotzirik. 2005ean berriro atzeman zuten, eta 2006an hirugarren aldiz atxilotu zuten kale erasoak egitea leporaturik. Bermea ordainarazita aske utzi zuten. 2007ko polizia operazioan ez zuten atxilotu, eta bere kabuz aurkeztu zen auzitegira; libre utzi zuten.
Hiru gazte, galdekaturik
Aintza Zufiaurre, Inge eta Elorri Arin lapurtar gazteak galdekaturik segitzen zuten edizio hau ixteko orduan, Bordeleko polizia etxean. Naia Lacroix euskal preso politikoarekin, karrikatik komunikatzen ari atzeman zituen Poliziak. Otsailaren 17ean kartzelatu zuten gazte senpertarra eta Gradignanen dago (Frantzia) kartzelaturik, euskal preso politiko bakarra dela bertan. Mila lagunetik gora elkarretaratu ziren Senperen Lacroix libre uzteko exijitzeko. Konponbidearen aldeko urratsak egitera deitu zituzten Frantziako eta Espainiako gobernuak.
Ibai Peña gaztea preso sartu dute, euroagindua asteartean aztertu arte
Hiru gazte galdekatu dituzte Bordeleko polizia etxean, kaletik Lacroix presoarekin komunikatzeagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu