Ibarretxek euskal herritarren erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du NBEn

«Espero dut nire herriko lehendakariak inoiz hemen nire herria NBEn sartzeko eskaera formala egitea», esan du

Erredakzioa
2011ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Euskal herritarren erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria entzun zen herenegun gauean Nazio Batuen Erakundearen New Yorkeko egoitza nagusian, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiaren ahotik.

NBEren Deskolonizazio Batzordean izan zen, Mendebaldeko Sahararen auzia aztertzeko bileran. Ibarretxe hara joana zen Mendebaldeko Sahararen eta sahararren alde hitz egitera, baina aukera baliatu zuen Euskal Herriaz ere hitz egiteko, eta sahararren eta euskal herritarren erabakitzeko eskubidea defenditzeko.

«Nire herriko lehendakariak inoiz hemen zuen aurrean hitz egin eta nire herria Nazio Batuetan sartzeko eskaera formala egiteko itxaropenarekin ere etorri naiz», esan zuen lehendakari ohiak hitzaldiaren lehen zatian, egun hori ahalik eta lasterren izan dadin espero duela gaineratu zuen.

«Diskurtso ustelak»

Mendebaldeko Saharaz sakondu aurreko hitzaurrean, Ibarretxek salatu zuen eskubide indibidualak eta kolektiboak kontrajartzen dituen eztabaida demokratiko «faltsua» eta «gure munduan gailentzen ari diren diskurtso intelektualki ustelak». Gogoratu zuen bera lehendakari zela Espainiak euskal erakundeei eragotzi ziela, «XXI. mendean, jarrera antidemokratiko nabarmenean», euskal gizartearen iritzia jakitea.

Bere esperientzian oinarrituta, sahararren aldarrikapenak nazioarteko agendatik desagertu izana deitoratu zuen, eta hauxe esan zien bertaratutakoei: «Ez Marokok, ez zuek, ez Nazio Batuek ez dakizue sahararrek independentzia edo autonomia nahi duten, arrazoi sinple batengatik: ez diegulako galdetu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.