Urriaren 25a egun berezia da Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiarentzat. Jakina denez, egun sinbolikoa da, Euskal Herriko Foruak bertan behera uzteko legea 1839ko urriaren 25ean onartu zutelako eta Gernikako Estatutua erreferendumean 1979ko urriaren 25ean onartu zelako. Baina, horrez gain, 1998ko urriaren 25ean izan ziren hauteskundeetan irabazi ondoren iritsi zen Juan Jose Ibarretxe lehendakari izatera. Halaber, Estatu Berrirako Proposamena 2003ko urriaren 25ean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak eta 2008ko urriaren 25ean egin asmo zuen erabakitzeko eskubideari buruzko galdeketa.
Datorren astelehenean, urriaren 25a hori ere, beste urrats garrantzitsu bat egingo du Ibarretxek: doktore tesia irakurriko du Euskal Herriko Unibertsitatean, Donostiako Zuzenbide Fakultatean. «Printzipio etikoa, printzipio demokratikoa eta giza garapen jasangarria: eredu demokratiko baten oinarriak» izenburuko tesia irakurriko du. Tesia Francisco Javier Caballero Harriet Zuzenbidearen Filosofia katedradunak eta Luis Mariano Negron Portillo Puerto Ricoko Amerikaarteko Unibertsitateko dekanoak zuzendu dute. Epaimahaia, berriz, Miguel Herrero de Miñon juristak, Jose Manuel Castells Zuzenbide Administratiboaren katedradunak eta Gurutz Jauregi Zuzenbide Konstituzionalaren katedradunak osatuko dute.
Tesiaren irakurketa goizean egingo du, eta ez da Ibarretxerenegun horretako eginkizun bakarra izango. Arratsaldean, hitzaldi bat egingo du Donostian bertan, Kursaal jauregian, Gipuzkoa Diputazioak antolatutako Kultura politikoa Gipuzkoan izenburuko zikloaren barruan. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak egingo du sarrera hitzaldia eta ondoren Ibarretxe lehendakari ohiak Urriak 25... Etorkizuna eraikitzen izenburuko hitzaldia egingo du.
Jakina denez, datorren hilabetean Ibarretxeren «memoria politikoak» biltzen dituen liburu bat argitaratuko du Alberdania argitaletxeak, Koldo Ordozgoiti kazetariak idatzita. Aldi berean, euskaraz, gaztelaniaz eta katalanenaz argitaratuko dute.
Ibarretxek urriaren 25ean irakurriko du doktore tesia
Egun berean, arratsaldean, 'Urriak 25... Etorkizuna eraikitzen' izenburuko hitzaldia emango du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu