HEZKUNTZA

Ibilbide luzea, eta PP bakardadean

Osoko zuzenketa guztiak eta zatikako gehienak atzera bota dituzte parlamentuko ibilbidean, UPNren eta UPDren eskari zenbait izan ezik. Madrilen kontrola areagotuko du lege berriak.

Errekondo, Espainiako Kongresuan.
Garikoitz Goikoetxea.
2013ko urriaren 10a
16:16
Entzun

Espainiako Kongresuak onartu du Jose Ignacio Wert ministroaren hezkuntza erreforma, PPk daukan gehiengoa erabiliz. Oposizioari bizkar emanda egin dute parlamentuko ibilbidea, eta azken bozketan ere berdin egin du PPk. Bakardadearen erakusgarri da oposizioan bildutako taldeem iragarpena: hitzeman dute PPk gehiengoa galdu orduko elkarren botoak batuko dituztela erreforma legea bertan behera uzteko. PSOEk, EAJk eta Amaiurrek agindu dute hori, besteak beste.

Bestelako jarrera hartu du UPNk. Hasieran errezelo batzuk agertu zituen lege proiektuarekin, batez ere ikasgaien eduki osoa Madrilek zehazteko asmoagatik ―kezka zuen “Espainiari, Europari eta munduari lotutako Nafarroa” irakatsiko ote duten eskoletan―, baina, finean, erreforma erabat bere egin du. Parlamentuan babestu du, hala ere. Gaur ez, Carlos Salvador diputatua falta baita, arazo pertsonal batzuk izan dituelako.

Ibilbide luze eta zalapartatsua izan eta gero iritsi da testua osoko bilkurara. Kontrola eta zentralizazioa ditu kutsu Wert legeak. Bi aldetatik egin nahi du hori. Batetik, ikasgaien edukiak zehazteko ahalmena Madrilera eramanda ―lehenbizi erkidegoen eskumenak edukiaren %35era apalduko zirela iragarri zuen; azkenean, ikasgai nagusien eduki osoa Espainiaren esku utzi dute―. Bestetik, “ebaluazio nazionala” jarrita. Berez ikasleen maila ebaluatzeko tresna izango dira, tituluak lortzeko gainditu beharrekoak, baina bistan dago kontrolerako tresna ere izango direla: Madrilek jarriko ditu azterketak.

Hortik aurrera, zeresana jarri bai baina Euskal Herrian eragin apalagoa izango duten neurriak daude. Hizkuntzak bandera gisa erabili du agintean denetik Wert ministroak, eta murgiltze eredu orokortuei muga jarri die legean. Katalunian eragina izango du horrek; katalana da hango irakats-hizkuntza, eta lege proiektuan jaso dute gaztelania dela irakats-hizkuntza. Horrekin, gaztelaniaz ikasi nahi duten ikasle katalanei aukera jarri die eskola pribatura jotzeko eta faktura administrazioari pasatzeko. Horrek ez du eraginik Hegoaldean, hizkuntz ereduak hautatzeko aukera baitago. Areago, Wertek eredugarritzat jo du Hegoaldeko sistema, eta bide hori hartzeko ere eskatu dio Kataluniako Generalitateari.

Euskararen izendapena ere aldatu du: “enborreko” ikasgaia izango da gaztelania, ingelesa ere bai, eta euskara, “libreki zehaztua”. Keinua izan da, ez baitu eragin praktikorik izango.

Erlijioa izan da beste bandera: jaitsiera betean dago ikasgai hori, gero eta ikasle gutxiagok hartzen dute, eta garrantzia handitu nahi izan dio PPk. Hautazko ikasgaien artean sartu du. Horrekin, ikasgai horretako nota kontuan hartuko dute azken ebaluazioan, orain hogei urtetik lehen aldiz.

Hezkuntza sistemaren egitura aldatzeko asmoa zen PPren proiektu izarra ―Batxilergoa hiru urtera luzatzea, DBHri bat kenduta―, baina ezerezean geratu da asmo hori. Lanbide Heziketan, bai, izango dira aldaketa batzuk. Oinarrizko maila bat sortu dute, erdi mailakoa baino apalagoa. Gainera, batxilergorako eta unibertsitaterako atea estutu egingo dute, azterketekin, baina ez Lanbide Heziketakoa. Eragileek ohartarazi dute “ikasle txarrak” hara bideratu nahi dituela ministroak, eta horrekin “prestigioa” galduko duela Lanbide Heziketak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.