Ibon Iparragirre presoa ospitaleratu egin dute, biriketako infekzioarekin

GIBduna da presoa, eta infekzio txiki batek haren bizia arriskuan jar dezakeela ohartarazia zuten sendagileek

Ondarroako biztanleen elkarretaratzea, Ibon Iparragirre presoa askatzeko eskatzeko. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2011ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Alarma gorria piztu zuten aurreko astean Ibon Iparragirre presoaren senideek, haren egoeraren azterketa egiten duten Jaiki Hadi medikuen elkarteko kideek eta Etxerat-ek. «Oso-oso larri» dagoela ohartarazi zuten. GIBduna dela eta denbora luzea daramala ahul, oso ahul. Defentsarik gabe dagoela ia, eta infekzio arrunt batek, gripe soil batek, haren bizia arriskuan jar dezakeela. Berehala askatzearen premiaz ohartarazi zuten. Atzo ospitalera eraman behar izan zuten Iparragirre, sukar handi batek eraginda. Egun osoa Basurtuko Ospitalean eman ondoren, senideek gauean jakin zuten zer duen presoak: biriketako infekzioa du, eta sukar handia. Ospitaleratuta dago Basurtuko Ospitalean.

Ordu askoan aulki batean

Iparragirreren egoera larria ikusita, presoa Basauriko espetxetik ospitalera eraman zuten goizean, baina ez zuten berehalakoan artatu. 15:00 aldera, medikuek noiz artatu zain zegoen presoa, aparteko gela batean, eskuburdinekin lotuta. Ordu askoan izan zuten bakarrik, aulki batean jesarrita, eskuak lotuta, jatekorik eman gabe. Eskumuturreko eta saihetsalde bateko minez kexu zen.

Iparragirreren ama eta emaztea ospitalean ziren 13:00etarako, baina, edizio hau ixteko ordurako, behintzat, ez zuten gaixo duten hurkoarekin egoteko aukerarik izan. Une batean, atearen zirrikitu batetik ikusi ahal izan zuen amak semea. «Begirada galdua zuen», kontatu dio BERRIAri Gotzon Iparragirrek, presoaren anaiak. «Amak dei egin zion: 'Ibon, hemen gaude!'; ez baitu bost metrora duenik ikusten». Presoa zaintzen ari ziren ertzainek, ordea, kanpoko itxarongelara kanporatu zuten ama, zakar.

Anaiak jasotako tratua gaitzetsi du Gotzonek. «Gizagabea izan da», dio larrituta. «Zein premia zuten lotua edukitzeko, erabat ahul badago, ia ibiltzeko gauza ez dela eta ikusi ere egiten ez duela? Indarrik gabe egonda ere, batere jan gabe eduki dute egun osoan, gainera! Eta bakarrik. Nola liteke, oso gaixo dagoela-eta, ustez sendatzera eraman badute?».

Herritarren ezinegona

Iparragirreren senideek ospitalean eman zuten eguna, hurkoarekin egoteko esperantzarekin eta egoeraren berri izateko premiarekin. Bien bitartean, Ondarroan, presoaren herrian, ezinegona zen nagusi. Iparragirre berehala aska dezatela aldarrikatzeko agerraldia prestatua zuten, aurrez, arratsalderako. Ospitaleratzearen berri izan ostean, larriagotu egin ziren lehendik larri zeudenak. Kultur etxean egitekoa zen agerraldia udaletxeko batzar aretora igaro, eta 250 herritarretik gora bildu ziren, Iparragirre baldintzarik gabe aska dezatela eskatzeko.

Presoa egungo muturreko egoerara eraman duten espetxeko baldintza «tamalgarriak» salatu zituzten. «Ulergaitza da nola ukatu diezaioketen gaixo terminala den pertsona bati bizirik irauteko beharrezko duen tratamendua». Gaixo dauden presoak askatzeko eskatu, eta mobilizazioak iragarri zituzten. Igandean, esaterako, Ondarroako hiru lekutatik giza katean abiatu dira 12:00etan, eta 12:30ean manifestazioa egingo dute Alamedan hasita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.