«Ideologien gainetik, egin behar nuena egin nuen. Zegozkien eskubideak onartu ez zitzaizkien milaka biktima zeuden». Baltasar Garzon epaileak hitz horiekin defendatu du, Espainiako Auzitegi Gorenean, frankismoko krimenak argitzekohasi zuen ikerketa. Halaber, adierazi du ez zuela urratu Amnistiaren Legea. «Krimen haiek ez ziren politikoak izan».
Atzo hasi ziren Garzon epaitzen, ikerketa horretan prebarikazioa egitea egotzita. Manos Limpias eskuin muturreko sindikatuak jarri zuen haren aurkako salaketa. Dena den, deklaratzen hasi aurretik, Garzon epaitzen ari diren salako epaileek erabaki behar zuten ea ontzat hartzen zuten fiskalak eta defentsak epaiketa bertan behera uzteko egindako eskaria. Fiskalak eta defentsak hiru argudio eman zituzten eskari hori egiteko: akusazio idatzien baliorik eza, prozesuari bakarrik eutsi ahal izateko herri akusazioaren zilegitasun falta, eta, aurkeztutako hainbat froga ez onartzeagatik, Garzonen babesgabetasuna. Epaileek atzera bota zuten eskaria. Hala, ontzat eman zuten, besteak beste, Luciano Varela epaileak auziaren inguruan egindako instrukzioa. Nolanahi ere, aitortu zuten «gehiegikeriak» izan direla instrukzioan.
Hori argituta hasi zen deklaratzen Garzon. Fiskalaren eta defentsako abokatuaren galderei baino ez zien erantzun. Hala, uko egin zion akusazioko abokatuak egindako galderei erantzuteari. Akusatzeko zilegitasunik ez zuela argudiatu zuen.
Defentsako abokatuaren galderei erantzunez, ikerketa egitea «betebeharra» zela argudiatu zuen Garzonek. Hark azaldutakoaren arabera, 2006an jaso zituen lehen salaketak. «Salaketetan deskribatzen zirenak gizateriaren aurkako krimenak ziren, argi eta garbi: pertsonak desagerrarazteko aurretiazko plan sistematikoak, legez kanpoko hobiratzeak, haurren bahiketa, torturak... 1933 eta 1945 bitartean Europako beste erregimen totalitario batzuetan gertatzen ziren krimenen parekoak ziren». Hori kontuan hartuta, ikerketa hasteko eskumena zuela arrazoitu du. «Auzitegi Nazionaleko hainbat epailek erregimen nazietako kasuak ikertu zituzten moduan egin nuen; legea, nazioarteko hitzarmenak eta Adolfo Scilingo militar ohia zigortzen Auzitegi Gorenakezarritako doktrina errespetatuz».
Garzonek argudiatu du delituak ez daudela preskribatuta. «Desagertzeez eta exekuzioez ari gara, eta halako delituek ez dute preskribatzen. Izan ere, haien ondorioek indarrean diraute gorpuak agertu arte».
Memoria Historikoaren Legearen aurka joatea egotzi ziotenikerketa hasi zuenean. Garzonek ukatu egin du.«Ikertzen hasi nintzena eta Memoria Historikoaren Legea guztiz bateragarriak dira. Lege horrek dioen moduan, justizia, egia eta erreparazioa nahi ditut biktimentzat. Ez nuen ikerketa hasi ospea lortzeagatik. Beste edozein auzitan bezala jokatu nuen».
Garzonek berretsi du ez duela urratu Amnistiaren Legea. «Lege horretan ez dira inolaz ere aipatzen gizateriaren aurkako krimenak. Gainera, krimen haiek ez ziren politikoak».
Auzia ikertzeko eskumena zuela berresteko 2008an ateratako autoaren inguruan, «fede onez» egin zuela esan du. «Eskumenik ez nuela jakin izan banu, ez nintzen ikertzen hasiko». Auto hartan, gainera, Francoren heriotza agiria eskatu zuen. «Jendeak egin ditzakeen interpretazioak alde batera utzita, hilda zegoela egiaztatzeko modu formal eta legal bakarra zen».
Gaur jarraituko du epaiketak. Defentsaren lekukoek deklaratuko dute: memoria historikoaren aldeko taldeetako hainbat ordezkarik, eta desagertu nahiz fusilatuen senideek.
Eztabaida auziaren inguruan
Hego Euskal Herrian eztabaida eragin du Garzonen aurkako auziak. Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkartearen arabera, memorioa historikoaren kontrako «zaplaztekoa» da Garzon epaitzea. Iragan astean bertan elkarretaratzea egin zuten, Garzoni elkartasuna azaltzeko. «Espero dugu libre geratzea, eta ikertzen jarraitu ahal izatea. Izan ere, ikertzen hasteagatik auzipetu dute, eta ez beste bete gauza batzuengatik», adierazi du Olga Alzaga elkarteko presidenteak. Alzagak hilaren 6an deklaratu du lekuko gisa Garzonen aurkako epaiketan.
Argi utzi du, ordea, zer defendatu duen elkarteak. «Justizia eskatzen dugu, ez mendekua. Xedea ez da zauriak irekitzea, ixtea baizik».
Ahaztuak 1936-1977 taldearen arabera, «benetako zaplaztekoa» memoria historikoaren aldeko hainbat taldek Garzoni azaldutako elkartasuna da. «Denak ez du balio, oroimenaren berreskuratzeak mamitsua izan behar du eta».
Hala, salatu dute ikerketanGarzonek ez zituela kontuan hartu probintzia auzitegiak. «Gauregun, inoiz baino beharrezkoagoa da epaitegi frankistek ezarritako kondenak baliogabetzea, justizia egiteko eta erreparazioa emateko bidea egin ahal izateko. Horretan ikusi nahiko genuke Garzon. Baina horretan ez da ariko. Gehiago gustatzen zaio ekinbide erabat pertsonalistak abian jartzea, ibilbide juridikorik gabe.Ezinezkoa da halako epaile bat babestea».
«Ideologien gainetik, egin beharrekoa egin nuen»
Baltasar Garzon epaileak deklaratu du fede onez hasi zela frankismoko krimenak ikertzen, eta ez «ospea» lortzeagatikArgudiatu du ez zituela urratu Memoria Historikoaren eta Amnistiaren legeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu