Gizartea

Idiazabalgo Aranburu anaiek irabazi dute Ordiziako gazta lehiaketa

J. Aranburu elkartean bildutako Jabier, Jesus eta Juan Jose Aranburu anaiek egindako gazta izan du gustukoen Ordiziako (Gipuzkoa) XXXIII. Gazta Lehiaketako epaimahaiak. Euskal Herriko gazta lehiaketa ospetsuenetakoa da Ordizikoa, eta han irabazle izaten den gaztak sona handia hartzen du. Horren froga, Armentiako (Araba) El Caseron jatetxeak 6.200 euro ordaindu dituela gazta horren erdia erosteko.

2006ko irailaren 6a
15:39
Entzun
Izan ere, urteroko ohitura da lehiaketan irabazle gertatu den gaztaren erdia enkantera ateratzea. Normalean, jatetxeak edo elikagai saltoki handiak aritzen dira gazta erosteko lehian. Gaurkoan Armentiako El Caseron izan da eskaintza handiena egin duena, eta, azkenean, gazta erdi preziatua eskuratu duena: 6.200 euroren truke.

Idiazabalgo (Gipuzkoa) Aranburu anaiek osatutako elkarteak, berriz, ez du aurreneko aldia halako sarien jabe egiten dena. Urrutira joan jabe, joan den igandean Gipuzkoako Gazta Txapelketa irabazi zuten, eta abuztuaren 20an Idiazabal Jatorri Izendapenarena.

Besteak beste, Juan Mari Arzak, Karlos Argiñano, Pedro Subijana, Martin Berasategi, Andoni Luis Aduriz eta Hilario Arbelaitz sukaldariek osatu dute epaimahaia.

Nolanahi ere, gazta lehiaketaz aparte, beste hainbat ekitaldi ari dira egiten gaur Ordizian, Euskal Jaiaren barruan. Gainera, eguraldia lagun, jendetza handia bildu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.