Zure ziztada behar dugu kanpainarekin bat eginez, Idoia Beratarbide marrazkilariak BERRIAren gaurko azala diseinatu du. Bostak inguruan erredakzioko arduradunekin eta diseinukoarekin bilera egin zuen atzo Andoaingo egoitzan (Gipuzkoan), azaleko gaiak aztertzeko, eta oinarri horrekin jarri zen lanean.
Hilaren 10eko azala Antton Olariagak egin zuen; hilaren 17koa, Eider Eibarrek eta hilaren 24koa, Zaldieroak. Beratarbideren biharko azalarekin bukatuko da azal berezien sorta.
Ibilbide luzeko ilustratzailea da Beratarbide, eta BERRIAko irakurleentzat aski ezaguna, igandeko azken orriko elkarrizketetako protagonisten marrazkiak egiten baititu.
"Hurrengo urteak ziurtatzeko" kanpaina
"Hurrengo urteak ziurtatzeko" asmoz, BERRIAlaguna komunitatea indartzeko eta diru bilketa egiteko ahal den herritar eta eragile gehienengana iristeko ahaleginean da euskarazko hedabide taldea.
Arazo ekonomikoek bultzatuta, BERRIA iazko urte amaieran hasi zen diru ekarriak biltzen, lanari eutsi eta indartzeko. Hedabide taldeak jakinarazi du egoera zailean dagoela. "Paradoxikoa bada ere, inoiz baino irakurle gehiago dituen garaian ari dira behera egiten BERRIAko diru sarrerak". Nagusiki bi dira horren arrazoiak: hedabideetan izaten ari den eredu aldaketa —paperaren beherakada, sarearen gorakada baina diru sarrera txikiarekin— eta krisi ekonomikoa —erosle, diru laguntza eta publizitate gutxiago—.
Zure ziztada behar dugu kanpaina bigarren fasean da, herriz herri eta arloz arlo laguntzaileak lortzen. Urtean ehun euroko kuota ordaintzeko prest egongo diren bost mila lagun topatzea du helburu. Dagoeneko hiru mila erdietsi ditu.