Politika

Idoia Villanueva izango da Nafarroako senatari autonomikoa

Ahal Duguk proposatu du bere hautagaitza eta Geroa Bai, EH Bildu eta Ezkerrarekin hitzartu du izendapena. Talde mistoan sartuko da.

joxerra senar
2015eko irailaren 11
13:05
Entzun

Akordio programatikoa izenpetu duten lau alderdiek lehen ezadostasunak bideratu dituzte asteon. Alde batetik, Iruñerriko Mankomunitateko presidente izango da Aritz Aiesa, EH Bilduko Antsoaingo zinegotzia, Geroa Baik Itziar Gomezen hautagaitza atzera bota ostean. Bestetik, gaur baieztatu dutenez, Nafarroako senatari autonomiko izango da Idoia Villanueva, Ahal Duguk proposatutako hautagaia.

Negoziazioek luze jo dute. Villanuevaren hautagaitzaz gain, atzo EH Bilduk Juanje Soria proposatu zuen eta Ezkerrak Miguel Izu. Geroa Baik ez zuen izenik jarri mahai gainean, baina bere hitza erabakigarri izan da, hiruen artean Villanuevaren alde egin baitu. Horregatik, Ahal Duguren hautagaitza aurrera atera da.

Hala ere, Villanueva Senatuko talde mistoan sartuko da. Andaluziako, Madrilgo eta Valentziako autonomia erkidegoetako senatarien bidez, Ahal Duguk ordezkariak ditu ganbera horretan, eta eurekin batera lan egitea zen alderdiaren nahia.

Akordioaren arabera, senatariak konpromisoa hartuko du lau alderdiek uztailean hitzartutako akordio programatikoarekiko "leialtasunez eta konpromisoz" aritzeko eta "Senatuan Nafarroako Parlamentuak onartutako adierazpen eta ebazpenak defenditzeko". Era berean, Senatuko jardueraren berri eman beharko die alderdiei eta ordutegi iraunkor bat izango du Parlamentuan taldeekin zein herritarrekin erlazionatzeko.

Alderdien balorazioak

Geroa Baiko Koldo Martinezen arabera, erabakia "hartuta dago eta hitzartu egin da". Martinezen arabera, aukeraketa Geroa Bairen eskuetan uztea hitzartu egin da, "irtenbide gisa". Bere esaetan, "errespetu guztia" zor diote hiru hautagaiek, eta Villanuevaren jarduna gertutik zainduko dutela eta exijenteak izango direla gaineratu du.

EH Bilduko Maiorga Ramirezen arabera, senatariaren profila "tentazio alderdikoietatik ihes egingo duen eta aldaketaren Nafarroa ordezkartuko duen pertsonarena" izan behar du. Bere esanetan, profil hori zehazteak eskatu du denbora gehien: "Izena hautatzea izan da denbora gutxien eskatu diguna".

Ahal Duguko Eduardo Santosen irudiko, azken akordioa hasiera batean hartutako konpromisotik harago doa. "Guzti horren balorazio positiboa egiten dut, kanpoan diren gauzak hitzartzen direlakou eta aldaketaren zein elkarrizketa politikoaren kultura politikoan sakontzeko konpromisoa adierazten duelako".

Ezkerrako Jose Miguel Nuinen aburuz,  Villanuevak bere koalizioaren konfiantza badu, eta akordioak oinarri "garrantzitsuak, argiak" ditu.

Datozen asteetan Parlamentuko osoko bilkuran egingo da Idoia Villanueva senatari autonomiko izendatzeko saioa. Orduan egingo da ofizial gaurko hitzarmena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.