Botoa Internetez ematea posible balitz, batek baino gehiagok emango zukeen atzo, sofatik altxatu, botak jantzi eta ondoko bozkalekurako ehun metroak putzuz putzu egin beharrean. Etxerako moduko igandea zen, eta bozkalekuetan sumatu zuten: jendea nagi eta ohi baino beranduago irten zen botoa ematera.
Goizeko bederatzietarako, «arazorik gabe» osatu zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 758 bozkalekuetako 2.778 mahaiak, Raul Fernandez Herrizaingo sailburuordearen arabera. Botoen kutxa estreinatzeko pribilegioa, oro har, goizeroko buelta egitera goiz jaikitako pertsona helduena izan ohi da. Durango izan da aurtengo salbuespena: San Fausto jaietatik bueltan zetozen gazte batzuk izan ziren lehenetarikoak.
Politikariak ere goiz, hauteskunde egarriz, eredugarri. Urduri eta lo askorik egin gabe joango ziren botoa ematera lehendakarigaiak, azken uneko botoak poltsikoratzeko azken saioetan. Bilboko Cervantes ikastetxeak ateak zabaldu eta minutu gutxira agertu zen Antonio Basagoiti PPko zerrendaburua. «Bozkatzeak balio du gauzak aldatzeko, eta hobera egiteko», esan zien hango kazetariei, eta gaineratu: «Edo, gutxienez, okerrera ez egiteko».
Iñigo Urkullu EAJkoa izan zen hurrengoa; 09:15erako, Durangoko (Bizkaia) Intxaurrondo ikastetxean zegoen. Herritarrei «bustitzeko» eskatu zien, botoa emateko, «Euskadik aro berri bati» ekingo diola eta «aukera historiko» hori ez galtzen uzteko.
EH Bilduko lehendakarigai Laura Mintegi Algortan izan zen (Getxo, Bizkaia), lehenengoz bozkatu duen semearekin batera. Irribartsu mintzatu zen: boz hauek, lehen aldiz, «euskal politikaren sentsibilitatearen benetako irudia» emango dutela esan zuen.
Patxi Lopez lehendakariaren ingurukoa da atzoko gertakari deigarriena. Hamarrak pasatxo zirela heldu zen Miribillako Iruarteta ikastetxera (Bilbo); preso eta iheslarien aldeko afixekin hartu zuten han zenbait pertsonak. «Hori ezin da egin», esan zien lehendakariak, botoa ematea oztopatzen ari zirelakoan; horretan inor ez zela ari ihardetsi zioten. Azkenean, bozkaekuko segurtasun indarrek eta PSE-EEko zenbait kidek kanporatu egin zituzten, tentsio uneren baten ostean. Papertxoa bota ostean, «askatasunaz» mintzatu zen Lopez: «Askatasuna, herrialdea denon artean eraikitzeko, mehatxuetatik aparte, nahiz eta batzuek betiko tik totalitarioekin jarraitu».
Zerrendaburu guztien artean, bi dira euren buruari botoa eman ezin izan diotenak. Lopez bera Arabako zerrendaburua da PSE-EEtik, baina Bizkaian dago erroldatuta, eta han eman du botoa. UPDko Gorka Maneiro ere Arabako zerrendan lehena da, baina botoa Donostian eman du.
Berri faltan, txioak
Emozioak iluntzerako gordeta-edo, egunak ez zien lan handirik eman mahaietan egotea egokitu zitzaienei, ezta bozak saretik jarraitu zituztenei ere. Igande luzea ordenagailu aurrean, gertakari gutxi eskura, eta hauteskunde egunari buruzko txantxak nagusitu ziren sare sozialetan. Eguerdiko parte hartzearen datuek %2,8ko beherakada iragartzen zuten 2009ko bozen aldean. Berehala hasi ziren sare sozialetan beherakada horren zergatiei buruzko espekulazioak. «Badirudi eskuina etxean gelditu dela», zioen erabiltzaile batek: «Badakigu nortzuek ematen duten eguerdirako botoa: hamabietako mezetara joaten direnak». Zenbaketak aurrera zihoazen neurrian, gehiago ziren #U21 etiketa zeramaten komentario zapuztuak.
Errenterian (Gipuzkoa), EHNA Euskal Herriko Naziotasun Aitorpenerako agiriarekin bozkatzeko arazoak izan zituztela salatu zuten hainbat herritarrek, eta PP eta PSE-EEko ahaldun asko zeudela mahaietan. PPko batek gaztelaniaz halaxe esan ziola nabarmendu zuen erabiltzaile batek Twiterren: «Munduko sukaldaritzarik onena duzue». «Alegia, ez da hemengoa», ondorioztatu zuen hark. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea ere saiatu zen EHNArekin botoa ematen, baina ez zioten utzi; gidabaimenarekin eman zuen azkenean.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Boz egunaren kronika
Igande luzea emaitzen zain
Eguraldiak alfertuta-edo, nagikeria sumatu dute bozkalekuetan; jendeak ohi baino beranduago eman du botoa, eta, salbuespenak salbuespen, gorabehera handirik gabe igaro da boz eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu