Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EH Bildu

Igandean «zerbait historikoa» gerta daitekeela esan du Garaikoetxeak

Azaldu du koalizio subiranista eta aurrerakoia izan daitekeela garaile, eta lehendakaria, andrazkoa

Carlos Garaikoetxea eta Laura Mintegi besarkatuta, atzo, Bilbon EH BIlduk egindako ekitaldian. L. JAUREGIALTZO / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Aspalditik politikaren lehen lerrotik urruti dagoen Carlos Garaikoetxeak gustura hartu du politikari lana. Luze aritu da lepo bete den Bilboko Plaza Berriko mikrofonotik. Euskal Herriko eta nazioarteko egoera politikoak aztertu ditu; alde guztietako politikarien esanak, jarrerak. Sutsu defendatu du EH Bilduren lana, proiektua eta gaitasuna. Baita lehendakarigaiaren profila ere: «Jasaten ari garen irain eta eraso guztiez gain, gure hautagai nagusia begirunez, hitz goxoz, denen arteko adostasuna, akordioa proposatzen ari da une zail hauetan. Lehendakari on baten tankera du; benetako taila erakutsi du. Laura Mintegi da gure lehendakaria».

Proiektuarekiko ilusioarekin mintzatu da lehendakari ohia, asko eman dezakeen ustearekin: «Igandean zerbait historikoa gerta daiteke gure herrian: koalizio abertzale eta aurrerakoi bat garaile izatea. Legebiltzarrean gehiengo zabal abertzale eta soberanista izan dezakegu. Eta historian lehenengo aldiz, baita ere, emakume bikain bat izan daiteke lehendakari: Laura Mintegi».

Orain artekoa bera, historikoa dela ohartarazi du: «Abertzale eta soberanistak bildu gara gizarte eredua aldatzeko eta proiektu bat bide baketsu eta demokratikoetatik gauzatzeko».

EH Bilduri egiten ari zaizkion erasoak asko mindu dutela argi utzi du: «Naziak eta antidemokratikoak garela esaten ari dira!». Espainiako nazionalismoa «inposatzailea eta inperialista» dela ohartarazi du, eta politika egitea zigortzen duela. «Herri hau aurrera ateratzeko estrategia baketsu eta demokratikoak lantzen dituztenak espetxeratzen dituzte», esan du Arnaldo Otegiri buruz, bere izena espresuki aipatu gabe.

Bakegintzan laguntzeko Aietera etorritako nazioarteko pertsonalitateei buruz «mertzenarioak» direla esan izanak ere erakusten du, Garaikoetxearen ustez, Espainiako nazionalisten izaera. Baita Estrasburgok Espainia tortura salaketak ez ikertzeagatik zigortu behar izateak. Atzo ezagututako berria dela-eta, «besarkada» bidali zion Martxelo Otamendi Egunkaria eta BERRIA-ko zuzendariari.

Euskal presoei espetxealdia luzatzeko ezartzen ari zaien 197/2006 doktrinaren aurrean Estrasburgok Espainiari «belarritik tira» egin diola ere ohartarazi du, Ines del Rio berehala askatzeko emandako aginduaren harira; «eta beste 60tik gora etorriko dira», esan du doktrina ezarri zaien gainontzeko presoei buruz. «Gauza bat esan nahi dizuet Laura eta besteei», amaitu du hausnarketa hori: «Hori pazientzia izan duzuena!».

Autodeterminazioari buruz, eskubidea dela gogoratu, eta independentzia gauzatzea zilegi dela aldarrikatu du: «Herritarren gehiengoak esaten duena errespetatzeko eskatzen ari gara; gehiengoak guk nahi dugunaren kontrakoa esaten badu, guk errespetatuko dugu».

Arkaitz Estiballesek «lehendakari izan zenak eta laster izango denak» osatutako «ekipo onena» bertsoz babestu ondoren hartu du hitza Mintegik. «Errespetua» eskatu du lehendakarigaiak ere, datozen lau urteetako lan ildo nagusietako bat horixe gauzatzea izango dela azalduta, eta eskoziarrek jaso duten «errespetuagatik inbiriak jota». Bide horri eutsi eta elkar ulertuta, bakea lor daitekeela sinetsita dagoela adierazi du.

Justizia soziala oinarri izango duen bestelako gizarte eredu bat eta politika egiteko beste modu bat hartu ditu beste zeregin nagusitzat Mintegik. Eta horretarako «energia» soberan duela dio. «Euskal Herri diferente bat eraikitzeko zentimetro batera gaude», hausnartu du. Eta, igandean, «Euskal Herri berri horren oinarria» ikusi ahalko dela uste du, gainera.

Egunero bezala amaitu du ekitaldia Mintegik: «Mesedez, etxera zoaztenean, eman nire besarkada beroena gaur hona etorri ezin izan duten horiei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.