Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Mahai ingurua

Igandeko bozek bide bat baino gehiago zabaldu diote EAJri

Eusko Legebiltzarerako hauteskundeetako emaitzak aztertu dituzte Alkortak, Ordozgoitik eta Ortegak mahai inguruanAurrera begira izan daitezkeen akordioak aztertuta, aukera bat baino gehiago du EAJk

Ordozgoiti, Urzelai, Alkorta eta Ortega, hauteskunde emaitzak aztertzeko mahai inguruan, atzo, BERRIAren Andoaingo erredakzioan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
Andoain
2012ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Datu banatatik abiatu ziren atzo Koldo Ordozgoiti kazetaria, Eider Alkorta politologoa eta Igor Ortega soziologoa, Pello Urzelai kazetariak gidatuta Berria Telebistak egindako mahai inguruan. 21a aipatu du Ordozgoitik, edo hobeto esanda, XXI. mendea, lau indar politiko nagusien ordezkaritza normalizatua lortu delako. 37a bota du Alkortak; hain zuzen, EH Bilduren eta PSE-EEren artean eta EAJren eta PPren artean osatzen duten kopurua. Ortegak15.581 zifrari bota dio begiratua: Donostian EH Bilduk iazko udal eta foru hauteskundeekin alderatuta galdu duen boto kopurua.

Datu horien eta bestelako batzuen bidetik etorri dira emaitzek panorama politikoan utzitako galdera eta gakoak. Batetik, lehen indarra EAJ da, nahiko alde handiarekin. Hori kontuan hartuta, haren hegemoniaz eta gobernatzeko dituen aukerez aritu dira mahai inguruan. Bestetik, alderdikako balorazioa ere egin dute, bereziki EAJren eta EH Bilduren emaitzei begiratuta; Gipuzkoako sorpresa atera da hor. EAJk eta EH Bilduk legebiltzarraren ia bi heren bete dituztela ikusita, datorren legealdiak burujabetzan sakontzeko ematen dituen aukerak ere izan dira mahai gainean.

Gobernua eta lehentasunak

Emaitzak ikusita, bakarrik gobernatzeko aukera du EAJk. Horretan duda gutxi du Ordozgoitik: «Hegemonia irabazi du, nahiz eta gehiengorik ez egon. Ezinezkoak direlako blokeorako gehiengoak». Bestelakoa litzateke egoera eserleku baten gorabehera izango balitz. Alkortak aipatutako 37 zenbakia da horren azalpena, nahiz UPDk hausten duen «ezker-eskuin» berdinketa hori. «EH Bilduk 22 balitu, PSE-EErentzat garaipena litzateke, mehatxu egiteko giltza izango bailuke. PPk 11 balitu, EAJ lotuko luke, 'ni naiz lehendakaria jartzen eta kentzen duena' esanez», dio Ordozgoitik. Baina gauzak dauden bezala, haren arabera, inork ez du aukerarik EAJ gobernutik kentzeko, eta, era berean, behartuta dago akordioak egitera, ez baitu gehiengo osorik.

Ortegaren iritziz, bide hori ez litzateke egokiena gaur egungo egoera kontuan hartuta. Gainera, Ortegak gogoratu du zenbakiek ere ematen diotela bakarrik eta «lasai» gobernatzeko. Izan ere, Euskal Herria bidegurutze baten aurrean dela uste du, eta hauteskunde ziklo bat itxi dela. «Eskerrak bukatu den, goazen gauza garrantzitsuez hitz egitera», esan du, berak izandako sentipena aitortuz. Hiru gako nagusi horiek —krisia, bakegintza, herrigintza— baldintzatuko dute gobernuaren osaketa, Ortegaren arabera. Horregatik, akordio transbertsalak lehenetsi beharra dagoela uste du, gai bakoitzean herri modura aurrera egiteko.

Alderdi bakoitzaren emaitzak aztertzen hasita, ondorio bat baino gehiago atera liteke; adibidez, EAJrenak eta EH Bildurenak aztertuta. Gipuzkoako «sorpresa», «klabe autonomista», «Bilduren olatua»... izan dira aipatutako batzuk. EAJk 2009an Juan Jose Ibarretxerekin izandako emaitzak lortu ez dituen arren «oso ondo» kokatu dela dio Alkortak. Izan ere, haren arabera, zaila da hauteskunde haiekin alderatzea; besteak beste, ezker abertzalea legezkanpo zegoelako.

Baina 2011ko udal eta foru hauteskundeekin alderatuta, Gipuzkoan 30.000 boto irabazi ditu EAJk. Dena den, Ortegak zehaztu duenez, igoera hori ez da homogeneoa izan lurralde osoan; herri zehatzak izan dira igoera nabarmendu dutenak. Zarautz, Tolosa, Hondarribia eta Donostia aipatu ditu, eta azalpen bat ere aurkitu dio EH Bilduren jaitsierari: errenta maila. Izan ere, udalerri horietako biztanleek errenta maila altua dute besteen aldean: «Hor badago poltsa bat batzuetan abertzalea dena, baina norberaren poltsikoa jokoan dagoenean EAJra jotzen duena».

Alkortak dio 2011ko hauteskunde haietan igoera bat ere izan zela parte hartzean, eta oraingoan agian etxean geratu dela EH Bilduren periferiako boz hori. Ordozgoitik esan duenez, Bildu kanpaina hasi baino hamar minutu lehenago legeztatu izanak ere izan zuen eraginik horretan. Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, berriz, Aralar batu izanak eutsi zion Amaiurrek Bilduren «olatu» horri, haren esanetan. Hala, Nafarroako indar abertzale bakarra izatearen ideia landu nahi izan zutela dio, Nafarroa Bai koalizioa indargabetzeko. Alkortaren iritziz, «boz ganberro bat» ere egon zitekeen Amaiurren emaitzen atzean, «hangoak ez digu eragiten» pentsa bailezake zenbaitek. Gainera, Ordozgoitik gogoratu du EA «oso esanguratsua» dela Gipuzkoan, eta alderdia EH Bildun sartu arren boto-emaile guztiek ez dutela hautu hori egin. «Jada EA iraganeko gauza da», erantsi du.

PSE-EEri eta PPri dagokienez, ez dira iritsi baliozko bozen %30era ere. Krisi hotsak entzun ahal izan diren arren, Alkortaren arabera, emaitzak ez dira hain txarrak. PSE-EEren krisia Espainiako Estatu osokoa dela nabarmendu du, eta, bertako «sektore baskistena» alboratu dutela kontuan hartuta, etxean geratu direla boto-emaile batzuk. «Abenturismo politiko baten amaiera izan da», esan du Ordozgoitik, eta erantsi du Patxi Lopez legebiltzarrean geratzea zama dela jada PSE-EErentzat. Une historikoaren garrantzia eta bidegurutzea ekarri ditu Ortegak berriz ere, eta PSE-EEren eta PPren irtenbideak porrot egin duela. «Hala ere, PSE-EE ez dago agortuta», gaineratu du, «dinamika transbertsalak» egiteko beharrezkoa baita.

Burujabetzarako aukerak

Dinamika horietaz hizketan hasita, Ordozgoitikdio, bakegintzan eta normalizazio politikoan aurrera egiteaz gain, esparru politiko berrirako oinarria bilatu ere egin beharra dagoela. Loiolako elkarrizketak jarri ditu mahai gainean, EAJk ere programan aipatzen dituela eta. Krisialdi ekonomikoa gurutzatu da berriz ere burujabetzaren auzian, Alkortaren esanetan zaila baita Loiolan izan ziren hiru alderdiek horretan akordioa lortzea. «Badago sektore bat —EH Bildu— batera planteatzen dituena, baina EAJk, ez. Krisia da haren lehentasuna». Dena den, egoerak halako akordioak eskatzen dituela uste du Ortegak. Gainera, Espainiak duen zilegitasun politikoaren arazoari egoera ekonomiko txarra lotuta, agorpen zantzua areagotuko dela uste du, eta hori nabarituko dela: «Ez gaude ohiko garaietan, eskema zaharrek ez dute balio».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.