euskal herria

Igeldoko desanexioa bertan behera uztearen kontra helegitea iragarri du diputazioak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du aldundiaren dekretua. Gipuzkoako Foru Aldundiak dei egin dio oposizioari "herritarren hitza errespetatzera".

Igeldoarrak, Donostiako udalbatzan. A. C., ARP
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko otsailaren 12a
19:12
Entzun

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Igeldo herri izendatzeko dekretua. Herri galdeketan erabaki hori hartu zuten igeldotarrek, eta aldundiak dekretu baten bidez herri izaera eman zion Igeldori. Auzitara jo zuen Donostiako Udalak, udalbatzak erabakita, eta auzitegiak arrazoi eman dio.

Urgentziazko agerraldi batean, Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak iragarri du diputazioak helegitea jarriko duela erabakiaren kontra. Aitortu du desanexio prozesua etenda geratu dela, eta, beraz, datorren astean egitekoak ziren batzorde kudeatzaileko kideen hautaketa ez dute gauzatuko.

Helegitean, aldundiak defendatuko du auziaren oinarrian arrazoi duela eta dekretua balekoa dela. Halaber, "herritarren hitza errespetatzera" deitu ditu oposizioko alderdiak.

Auziaren muinean ez da sartu auzitegia; behin-behinean bertan behera utzi du dekretua, auziaz erabaki arte. Donostiako Udalaren argudio nagusia zen Igeldo herri bihurtzeak kalte atzeraezina eragingo ziola Donostiari. Udalaren argudio guztiak ez dituzte ontzat jo epaileek.

Esan dute, hala ere, Igeldori independentzia ematea ez dela presazkoa. Honakoa da argudioa, azkenean: Igeldok hogei urte itxaron du independente izateko, eta, beraz, ez da premiazkoa berehala independentzia ematea, dekretua baliozkoa den edo ez argitu bitartean. "Faktore historikoak kontuan hartuta, ezin da esan interesa hain handia denik, auzitegiak dekretua baliozkoa den edo ez esateari ez itxaroteko".

Datorren asteartean kargua hartzekoa zuten herria kudeatzeko batzordeko kideek, eta hurrengo ostiralean hautatzekoa zuten batzordeko presidentea. Igeldoko herritarrek erabakia errespetatzeko eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.