IGELDO

Igeldoren desanexioa bertan behera utzi du EAEko Auzitegi Nagusiak

Donostiako Udalak jarritako helegiteari arrazoi eman dio auzitegiak. Besteak beste, adierazi du gutxieneko biztanle kopururik ez duela Igeldok eta galdeketako emaitzak ez direla aski.

Herritarrak Gipuzkoako Foru Aldundiak Igeldo herri gisa aitortu izana ospatzen, 2013ko abenduan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2016ko urtarrilaren 27a
07:26
Entzun

Donostiari atxikita jarraitu beharko du Igeldok. Donostiako Udalak —oposizioaren botoekin— 2014an jarritako helegiteari arrazoi eman dio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, eta, ondorioz, bertan behera utzi du Gipuzkoako Diputazioak Igeldo herri bihurtzeko onartutako dekretua.

Luze joan da prozedura. 2013ko abenduan onartu zuen aldundiak Igeldo herri bihurtzeko dekretua, aurretik galdeketa egin eta gero. 2014ko urtarrilean auzitara jo zuen udalak, eta behin-behineko neurri gisa dekretua eteteko eskatu zuen. Epaileek hori egin zuten, justu Igeldoko kudeaketa batzordea osatzear zirelarik. Auziaren muinean ez zen sartu auzitegia, aldarria urte luzeetakoa zela eta epaia iritsi arte “itxaron” zezakeela esanez.

Gaur kaleratu dute sententzia, eta Donostiako Udalaren argudioak babestu ditu. Batetik, biztanle kopuruari erreparatu dio: Gipuzkoako arauek gutxienez 2.500 biztanle eskatzen dituztela herri bat sortzeko. “Ez da Gipuzkoako arauen berezitasun justifikatu gabeko bat: beste erkidego batzuen xedapenetan ere egon da oinarrizko irizpide hori”. Inguruko herrialdeetako datuak jarri dituzte adibide gisa epaileek.

Aldundiak helduleku nagusia Igeldon egindako galdeketa zuen, “herritarren borondatea” betetzeko onartu zuela dekretua, “legitimitate demokratikoa” duela horrek. Espainiako Auzitegi Gorenaren epai bat hartu du oinarritzat auzitegiak argudio horren kontra: “Herritarren gehiengoak herri baten zati bat segregatzeko borondatea izatea soilik ez da determinantea administrazioaren erabakirako”.

Galdeketaren funtsean sartu da, orobat, auzitegia. “Kontsultaren emaitzak ezin daitezke aldekotzat jo hauteskunde edo plebiszitu ikuspegitik”. Azaldu du 883 herritarrek zutela botoa emateko aukera, eta 391ek babestu zutela desanexioa. “Ez da bizilagunen gehiengo absolutua”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.