Lau urte bete ditu Independentistak Sareak otsailaren 27an, eta urte horietan egindako lanaren balantzea egiteko eta aurrera begira dituzten egitasmoak garatzeko unea iritsi delakoan daude. Asmo horrekin, Nazio Konferentzia egin dute, Donostian. 2014-2016ko plan estrategikoa eta lan egitasmoa onartu dituzte konferentzian: Independentziarako urrats sendoak emateko garaia izenburua duen txostena, sarekideen artean azken bi hilabeteetan.
Unai Apaolaza sarekideak azaldu ditu konferentziaren nondik norakoak. "Euskal independentismoa garai berri batean sartzen ari da, eta arrazoiak Euskal Herritik kanpo, eta baita barruan ere, aurkitu behar ditugu". Kanpokoen artean, Eskozia eta Kataluniako prozesuek eman dieten "bultzada" nabarmendu dute, eta barrura begira, "euskal independentismoa egiten ari den metamorfosia". Bi inertziak aprobetxatuz, bi dira, sarearen ustez, estatua lortzeko gai izango den independentismoak dituen erronka nagusiak: "Euskal Herrian bizi direnen gehiengo zabala independentziaren aldeko bihurtzea lehenik, eta euskal estatuaren bidean jende multzo hau aktibatzea bigarrenik".
Sarearen arabera, independentzia ez da soilik abertzaleen aukera: "Gero eta bistakoagoa da abertzaletasunetik bakarrik ezin dugula euskal jendartearen gehiengoa independentismora erakarri. Beharrezkoa dugu bide berriak irekitzea: abertzaleak ez diren independentistak ere behar ditugu".
Independentistak Sarean "sortzaile" eta "bultzatzaile" izan diren, baina egun ez dauden lau lagun izan dituzte gogoan konferentzian: Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Xabin Intxaurraga, Joxan Lizarribar eta Ramon Labaien izan dituzte gogoan. "Lan handia egin zuten sarearen hastapenetan, eta bai gero ere. Gaur gogoan ditugu; beraien ametsak, guk ere elkarbanatzen ditugunak, helburu ditugulako".
Konferentziaz gain, Carlos Riera soziologoa eta Martxelo Otamendi BERRIA egunkariko zuzendaria solasean izan dira Kataluniako prozesu independentistaz.