Eusko Legebiltzarrean Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eskatu dio EITBko zuzendari nagusi Maite Iturbe kargutik kentzeko, Eusko Legebiltzarraren gehiengoak joan den astean onartu zuen mozioaren agindua betez. Iñigo Urkulluk Iturbe babestu du, eta adierazi du irrati-telebista publikoaren kudeaketan egonkortasuna behar dela.
Ildo informatiboaren inguruan, Urkulluk honakoa esan du: "Nahiago nuke EITB EAJren aldekoagoa izango balitz. Jaurlaritzak jasotzen ditu EITBn hainbat kritika, baina onartu egin behar ditugu". Eusko Irratiko langileen aferaz, bestalde, lehendakariak gogorarazi du aspalditik datorren egoera "irregular" bat konpontzeko egin dela lan eskaintza publikoa. "Lan eskaintza publikoaren deialdi hori EITBko administrazio kontseiluaren gehiengoaren babesarekin onartu zen".
Legebiltzarreko bilkuran, halaber, Nerea Llanos PPko legebiltzarkideak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari galdera egingo dio, EITBko zuzendari nagusia ordezkatzeari buruz.
Bestetik, UPD, PSE-EE eta PP kexu azaldu dira Mikel Zubimendi HBko parlamentari ohiak ETB1eko Eztabaida saioan bi aldiz parte hartu zuelako. UPDko Gorka Maneirok eskatu du Zubimendi ez dadila gehiago ETBn azaldu. PSE-EEko Mikel Unzaluren arabera, ETBk saioa kentzea erabaki du, Zubimendiren gaiari heldu ordez. PPko Nerea Llanosek adierazi du konponbidea ez dela saioa kentzea, "solaskideak hobeto aukeratzea baizik". Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura sailburuak erantzun du solaskideak direla haien iritzien erantzuleak. "Zubimendik bere zigorra bete du, eta ezin zaio eztabaidetatik kanpo utzi. Bera da bere iritzien erantzule". Bestalde, sailburuak esan du EITB biktimen sentsibilitatea aintzat hartzeko lanean ari dela, "pluraltasuna urratu gabe horrelako egoerak errepika ez daitezen".