Murrizketa hotsa besterik ez denean, ikasleen kopurua handitu egin da aurten ere Nafarroan. Gobernuak berak jakinarazi du iaz baino 2.229 ikasle gehiago izango direla aurten: 106.819. Ez da lehen aldia, iaz ere hazi baitzen kopurua; aurrekoan baino 1.576 ikasle gehiago izan ziren. Batik bat sare publikoak nabarituko du igoera: han ikasiko dute hiru ikasletik bik baino gehiagok. Ereduka aztertuta, erdarazkoek nabaritu dute igoera. D ereduan ikasleen laurdena inguru ari dira. Kontuan izatekoa da ereduei buruzko datuak ematean gobernuak ez dituela aintzat hartu 2 urteko ikasleak; horien aurrematrikulan, %10 hazi ziren euskarazko ereduko izen emateak.
Eskolek hiru aste martxan badaramatzate ere, ikasturte hasierako ekitaldia atzo egin zuten Nafarroako Gobernuko agintariek, Jose Iribas Hezkuntza kontseilaria buru zutela. Iruñeko Andres Muñoz Garde ikastetxera joan ziren; behar bereziko ikasleak hezten dituzte. Aurten 527 estudiante arituko dira Heziketa Berezian.
Bi eredu indartu ditu aurtengo matrikulazioak: G eredua —euskara ez du irakasgai gisara ere— eta TIL —ingelesa barruan du—. Ikasleen erdiak ari dira gaztelania hutsezko ereduan, guztira 48.099, iaz baino mila gehiago.TIL ereduak 1.600 bat ikasle irabazi ditu: 5.656 ari dira horretan. Iaz gehiago igo zen: hirukoiztu baino gehiago egin zen. A ereduak 600 ikasle inguru galdu ditu —15.157 ditu—, eta B ereduak berean segitzen du, oso-oso bazterrean; 186 ikasle ari dira.
Euskarazko ereduak ikasleen ia laurdenak erakartzen segitzen du, eta Nafarroako bigarren eredua da, 22.727 ikaslerekin. Batxilergoan izan ezik —300 estudiante irabazi ditu—, gainerakoetan atzera egin du. Kontuan izatekoa da gobernuak ez dituela aintzat hartu Haur Hezkuntzako lehen zikloko matrikula datuak; D ereduaren igoera nabarmena iragarri zuen aurrematrikulazioak.
Publikora, hirutik bi
Murrizketak pairatzen ari den sarera, publikora, jo dute Nafarroako familia gehienek: hiru ikasletik bi arituko dira han. Kopuru hori handiagoa da Lanbide Heziketan: hamar ikasletik ia zortzi eskola publikoetan izango dira.
Murrizketak hartu zituen atzo ere hizpide Iribas kontseilariak, berriro ere sindikatuen aurka egiteko: «Orain arte, greba politikoez eta prebentiboez baino ez ditut entzun hizketan». Atzera egiteko asmorik ez duela berretsi du, irakasleek astean 18 ordu emateko erabakia deuseztea «ezinezkoa» delakoan. «Horregatik jotzen badute grebara, oker baliatuko dute eskubidea». Aitortu du sindikatuekin ez dela bildu oraindik; agenda arazoak argudiatu ditu. Hala ere, greba begi aurrean duela, irakasleengan jarri du itxaropena: «Maisu-maistren jarrerak ez du zertan izan sindikatuena. Ziur naiz erantzukizunez jokatuko dutela».
Ikasle kopurua handitu egin da Nafarroan, eta erdarazko ereduak indartuta atera dira
2.229 ikasle gehiago ari dira aurten Nafarroan, guztira kasik 107.000; laurdenek inguruk egin dute D ereduaren alde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu