Zapiaren erabilera ez galarazteko eskatu die Eusko Jaurlaritzak ikastetxe publikoei, iturri ofizialek BERRIAri baieztatu diotenez. "Ez galarazi buruan zapia daramaten nesken eskolatzea". Zentroko arauak aipatu izan dituzte zapiari trabak jartzeko, burua estalita joatea ez dutela onartzen arau horiek. Jaurlaritzak eskolei eskatu die kasu horretan aldatzeko barne arauak, eta ez jartzeko eragozpenik zapia daramatenei.
Hiru orrialdeko jarraibide bat egin du zapia galaraztearen aurkako argudioak emateko. Nabarmendu du ikasleek oinarrizko gaitasunak lortu behar dituztela "gero eta globalizatuagoa eta interdependienteagoa den mundu honetan bizitzeko". Egoera horretan, ohar hauxe egin du: "Komeni da jakitea kultura bakoitzak zer erantzun ematen dien premia horiei, etnozentrismoaren arriskuak saihesteko eta beste kultura batzuen ekarpenak balioetsi edo onesteko, kultura artekotasunaren eta kultura inklusioaren bidez, kulturen arteko errespetua eta elkarrizketa sustatzeko asmoz".