HEZKUNTZA

Ikasleen %86k lortu dute azken ikasturtean DBHko titulua EAEn

Azken zazpi urtean, zazpi puntutan igo da kopurua eta «emaitzak oso onak» direla dio Iztuetak

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
DONOSTIA
2004ko irailaren 11
00:00
Entzun
2003-2004 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) graduatuaren titulua lortu dutenen kopuruak gora egin du; lau puntu gehiago joan den ikasturtearekin eta zazpi gehiago 1999-2000ko ikastuarekin alderatuta. Azken ikasturtean %86k lortu zuten titulua eta orain zazpi urte, aldiz, %79k. Nesken artean ere gora egiten du kopuruak, %88k lortu baitute titulua. Hezkuntza Ikuskaritzak bildutako datuak dira eta, EAEko Hezkuntza sailburu Anjeles Iztuetak «oso emaitza onak» direla azpimarratu du. Gainera, igo egin da irakasgai guztiak gainditu dituzten ikasle titulatuen ehunekoa: %64koa da, eta aurreko ikasturteko (02-03) kopurua %59koa izan zen.

Azken urteetan kopuruak gora lau arrazoiengatik egin duela uste du Iztuetak. Alde batetik, curriculuma egokitzeko programak jorratu dira DBHko 3. eta 4. mailetan. «Programa horietan 15 ikaslez osatutako taldeak eratzen dira eta egokitzapenak egiten dira gazte horiek DBH erosoago gainditu dezaten», azaldu du sailburuak. Orain zazpi urte jarri ziren abian programa horiek: hasieran 73 talde zeuden, eta orain 200 talde daude, 37 ikastetxetan. Halaber, DBHko 3. eta 4. mailetan gelak hainbat ikasgaietarako bitan zatitu dira; matematika, ingelesa, euskara eta gaztelaniarako. Gela horiek gehienez ere 15 ikaslez osatzen dira. Ikastetxe publikoetan abian dagoen neurria da, ez, aldiz, itunpeko ikastetxeetan. Hirugarren neurria DBHko 1. eta 2. mailan jarri da indarrean: laguntza berezia behar duten ikasleei banakako laguntza eskaintzen zaie. Programa hori 200 ikastetxek dute.

Laugarren neurria iaz jarri zen lehen aldiz abian. DBH bukatzen ari ziren gazteek errekuperatzeko aukera izan zuten: astebeteko tartea izan zuten gainditu gabe utzitako ikasgaietako azterketak berriz egiteko. «Lau arrazoi horiek izan dute eragina aurten halako emaitza onak lortzeko», ondorioztatu du Iztuetak. Hala ere, txanponaren beste aldea ere aintzat hartu behar da. Izan ere, azken ikasturtean %14k ez dute lortu DBHko titulua, zazpi ikasletatik batek. Gazte horiek hiru aukera dituztela azaldu du Iztuetak: «Aukera bat da ikastetxean jarraitzea kurtsoa errepikatzeko. Beste batzuk Udalek eta Hezkuntza Sailak antolatutako lanbide hastapenerako tailerretara joaten dira. Eta bakar batzuek ikasketak uzten dituzte». 18 urterekin adinekoen eskola berezietan jarraitzeko aukera izaten dute.

Helburuak

Titulua lortu ez dutenen kopurua (%14) jaistea dela EAEko Hezkuntza Sailaren helburua adierazi du Anjeles Iztuetak. Ildo horretatik, Europak zehaztu berri duen batez bestekora jaistea dela xede nagusiena azaldu du: «Europan berriro definitu dira eskola porrotaren aldagaiak. Hala, 2010. urtean DBHko titulua lortzen ez duen ikasleen kopurua %10 izatea nahi da. Horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan sei urtetan 4 puntu jaitsi beharko dugu lortzen ez dutenen kopurua». Europan batez bestekoa %18koa da gaur egun. EAEko nesken kasuan, helburua jada lortuta dagoela azaldu du. Izan ere, %8,1ek baino ez dute lortu DBHko titulua.

Europako indikadorea Hezkuntza Sailaren ardatza izango dela nabarmendu du, eta horretara iristeko neurriak hartuko dituela. Sailburuaren esanetan, aurtengo kurtsoa ebaluaketaren urtea izango da, «nazioarteko neurgailuetan sartu garelako». Aurten, hezkuntza sistema nazioarteko PISA eta TIMSS izeneko ebaluazio programekin neurtuko da. Ebaluaketa horien emaitzak abenduan eskuratuko dira nazioarteko herrialde guztietan. PISA programan irakurketa, matematika, zientzia eta buruketak askatzeko trebetasunak neurtzen dira; eta TIMSSen, berriz, matematika eta zientziako trebetasunak. «Emaitzak jaso ondoren, neurriak hartu beharko ditugu gaizki ari garen alorretan baliabideak jartzeko», zehaztu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.