Ikasleek gaztelaniaz hitz egiteko, irakurtzeko eta idazteko duten maila eta gaitasuna hobetze aldera, unitate bat sortu du Nafarroako Hezkuntza Departamentuak. Horretarako, besteak beste, material didaktiko berriak sortuko dituzte bertan lan egiten dutenek.«Gaztelania ere zaindu eta sustatu behar den hizkuntza bat dela erakutsi nahi dugu horrekin», nabarmendu du Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak.
Espainian egingo den gaztelaniazko ortografia lehiaketara Nafarroak aurkeztu duen ikasleari, Marta Osesi, harrera egin zion atzo Iribasek, eta han egin zuen iragarpena. «Euskarak eta hainbat atzerriko hizkuntzek badituzte halako atalak departamentuaren barruan, eta uste genuen beharrezkoa zela curriculumean gaztelaniaren garapena zuzendu eta koordinatuko duen unitate bat izatea».
Iribasek hiru arrazoi eman ditu ekimena abian jartzeko. Batetik, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako curriculumetan jasotzen diren helburuak aipatu ditu. «Hezkuntzako Lege Organikoan argi esaten da ikasleek zuzen ezagutu eta erabili behar dutela gaztelania».
Bestetik, eskolan arrakasta lortze aldera, «beharrezkotzat» jo du gaztelaniaz komunikatzekogaitasuna izatea. «Batez ere irakutzeari emango nioke garrantzia».
Gaztelaniak mundu osoan duen erabilera izan da Iribasek unitatea sortzeko emandako azken argudioa. Hala, gogorarazi du munduan gehien hitz egiten diren lau hizkuntzen artean dagoela, eta, batez beste, 500 milioi pertsonak erabiltzen dutela.
Iribasek argi utzi du helburua ezagutzatik harago doala. «Gure nahia komunikatzeko dituzten gaitasunak hobetzea da, bai idatziz eta bai ahoz. Azken batean, pentsamenduak eta sentimenduak azaltzen eta interpretatzen jakin behar dute ikasleek, mugitzen diren gizarte esparru guztietan: lanean, eskolan, astialdian...».
Ikasleen gaztelaniako gaitasunak hobetzeko atala sortu du Iribasek
Ezagutza baino gehiago, ikasleen komunikazio ahalmena landu nahi du Nafarroako Hezkuntza Departamentuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu