«Ikasteko une ona da; baliatu egin behar da»

Krisiak markatutako testigantzak dira ikasketei berriro ekin dietenenak. Egoera gozoa ez badute ere, etorkizunari itxaropentsu begiratzen diote. Egoera hobetzerako prest egotea dute helburu.

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Baikor hartu nahi du egoera: «Lanik ez da ateratzen, baina ez dago geldirik egoterik. Ikasteko une ona da oraingoa; baliatu egin behar da». 22 urte betetzear dituela, unibertsitatean lortu berri duen titulua osatu nahian ari da Ion Vazquez. «Egia da desilusio apur bat sortzen duela, bai. Karrera amaitu, eta uste duzu aterako dela zerbait. Zail dago». Bi bide hartu ditu aldi berean: ingelesari «serioago» ekin dio, eta Psikologia graduan eman du izena. «Nire heziketa ez dago amaituta, ezta gutxiago ere. Lana topatzen hasterako, curriculuma osatu behar da».

Krisiaren testigantza da harena. Hezkuntza sistemak zedarritutako ibilaldia amaitu, eta etaparen bat beste bide batetik egitea erabaki dutenena. Kontrako bidean ari direla badirudi ere. «Gizarte honetan inposatzen da adinez adin zer egin: batzuetan ikasi, besteetan lan egin, hipoteka ordaindu... Nik, 25 urterekin, lanean aritu beharko nuke, gizartearentzako probetxuzko pertsona izateko. Baina ikasten hasi naiz». Paul Asensio da: lanik gabe geratu ondotik, Antropologia ikasten hasi da. Beste talaia batetik begiratzen du: «Ezberdina da lanean aritu eta gero eskoletara itzultzea. Ardura nuen, nola barneratuko ote nintzen; 18-19 urtekoak baitira gehienak». Edadetsukoak ere baditu, ordea, eta nagusiagoak ere bai.

Beste bide bat aukeratu du Ainhitze Ruizek (22 urte); unibertsitatean Kazetaritza amaitu, eta Lanbide Heziketan hasi da orain, Administrazioa eta Finantzak goi mailako zikloan. «Karrera amaituta lanik ez dagoenez, lehendik ere buruan nuena ikasteko aprobetxatu dut». Prestatzea du helburu: «Kontratu zaborra besterik ez dago orain. Nahiago dut egoera hobetzen denerako prestatu». Ez da bakarra: gelan baditu unibertsitatetik pasatakoak edota beste ziklo bat egina dutenak.

Egoera samurra ez den arren, aukeratzat dute. Vazquez: «Beste gauza batzuk probatzeko garaia da. Ikasteko denbora daukagu, eta, azken batean, ikastea espektatibak betetzeko modu bat da». Gustuko alorrak lantzeko aukera, Asensiorentzat: «Ikus-entzunezkoak ikasi nituen, baina beti iruditu zaizkit erakargarri letrak. Argi neukan berriz ikasten hastekotan letretatik jo behar nuela».

Bai, baina lana aurkituz gero?

Aukera aldia, baina ezin ahaztu lanik gabe egoteak izan duela zerikusi zuzena. Egoera aldatuko ote litzatekeen lana aurkituta, ez dute argi. Vazquezek dio ingelesa ez lukeela utziko. «Psikologia ez dakit; zaila litzateke biak egitea». Nolanahi ere, aukera ez du hurbil ikusten: «Dena ez da krisiaren errua. Gaztea naiz, esperientziarik ez dut, eta normala da ti-ta batean ez aurkitzea lana». Asensiok bai, badu esperientzia. Dudak ditu, zer egingo lukeen: «Negoziatzen saiatuko nintzateke unibertsitatean. Aztertuko nuke. Oraingoz, gustura nabil». Ruiz ere hala ari da: «Pozik nago, bai. Baina, eskaintza erakargarria balitz, lanari helduko nioke, eta zikloa laga».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.