Ikastetxearen egitekoak, eztabaidagai

Gaiak aldatzea ez dela aski, ikasgaia bera kendu behar duela ohartarazi diote PPri kontzientzia eragozpena egin zuten taldeek. Europak beharrezko dela dio. Ordea, araua oso anbiguoa denez, PPk nahieran erabili du curriculuma, beste herrialdeek bezala.

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Ez daude konforme eskuineko sektoreak. «Desilusioa hartu dugu. Aldaketekin ez da amaituko eskolako doktrinamendua». Jaime Urzelai Etikaren Aldeko Profesionalak elkarteko presidenteak jarri die ahotsa Herritartasunerako Hezkuntza ikasgaiaren aurka egin duten taldeei. «Gutxieneko aldaketak egin dituzte. Berdinak dira aurreko ikasgaia eta oraingoa». Beste pauso bat eskatu diote PPri: kentzeko ikasgaia. «Arazo ez dira kontzeptu batzuk edo heziketa afektiboa edo generoa. Ikuspegi kontua da: umeen kontzientzia morala hezi nahi dute unean uneko gobernuaren ikuspegiaren arabera. Onartezina da estatuak hori egitea». Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak ere eskatua du ikasgai hori kentzeko.

PSOEk Herritartasunerako Hezkuntza ezarri zuenean ere sortu zen eztabaida hori: ikastetxean irakatsi behar dituzte balioak, edo eskola hutsak ematea da maisu-maistren egitekoa? Europako Batasunaren gomendioz jarri zuen ikasgaia PSOEk; azken gutunetan ere aholku hori bera ematen segitu du Bruselak. Oso orokorra da Europako Batasunaren gomendioa: «Ikasleak hezi behar dira gai izan daitezen beren eskubideak baliatu eta defendatzeko, aniztasuna aintzat hartzeko eta aktiboki parte hartzeko bizitza demokratikoan». Interpretazioak zabaltzen ditu horrek. Kultura politikoarekin lotutako curriculuma garatu du, adibidez, Alemaniak; Finlandian, berriz, garrantzi handiagoa eman diote parte hartzea, ardura, elkartasuna eta horrelako balioak transmititzeari. Frantziako Gobernuak inportantzia handia eman dio frantziartasuna eskoletan zabaltzeari, eta curriculumean leku zabala dute estatuari lotutako gaiek, nahiz eta harremanei eta balioei buruzko auziek ere baduten tokia. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan gaitegi hori dute.

Espainiako Gobernuak Frantziakoaren norabide bera hartu nahi izan du, harremanei buruzko gaiak bazter utziz eta estatuari buruzko ikuspegi itxia zabalduz.

Lehentasuna, arauak

Europako Batasunak agindutakoa bete duela nabarmendu du Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak ere, bere garaian PSOEk egin zuen bezala. PPk keinu bat egin die Herritartasunerako Hezkuntzaren aurka oldartu zirenei, dekretuan bertan: «Heziketa era partekatuan egin behar da, familia kanpoan utzi gabe». Estatuaren nondik norakoak ikasteari eman dio lehentasuna Wertek: «Estatuak bermatu behar du herritarrek konstituzioa ezagutzea. (...) Herritarrei dagokie egoki ikusten dituzten balioei heltzea».

Adierazpen hori ez da nahikoa izan eragozleentzat. Nafarroako taldeak, adibidez, iragarri du dekretua indarrean ikusi arte bere horretan jarraituko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.