Hezkuntza

Ikastolen Elkarteak elkarretaratze bat egingo du larunbatean Seaskaren alde

Brebetaren auzia salatzeko eta irakasle postu gehiago exijitzeko protesta egingo du Bilbon.

Ikastolen Elkarteko ordezkariak, gaur, Donostian egin duten agerraldian. IKASTOLEN ELKARTEA
2018ko uztailaren 11
18:21
Entzun

Larunbat honetan da, uztailaren 14an, Frantziako iraultzaren urteurrena. Frantziako estatuaren ospakizun eguna aukeratu dute, hain zuzen, egokia iruditu zaielako Hezkuntza Ministerio berriaren "jarrera jakobino eta kolonialista" salatzeko. Elkarretaratzera joateko deia egin du Ikastolen Elkarteak, "Frantziako Gobernutik Seaskako ikastolen aurka ekin dioten erasoari aurre egiteko". Eguerdian egingo dute, Frantziako kontsulatuaren aurrean.

Bi aldarrikapen nagusi dituzte: brebeta euskaraz egin ahal izatea, eta irakasle postu gehiago ematea. Aurten debekatu egin du hezkuntza errektoretzak brebeta osorik euskaraz egitea, baina ikasleek hala egin zuten, orain arte bezala. Orduan, zientziako azterketak "bahitu" zituen errektoretzak, eta soilik zifrak zuzendu dituzte. Horren ondorioz, notak apaldu egin zaizkie ikasleei. Aldiz, kolegio amaierako azterketa "nota oso onekin" gainditu dutela azaldu dute Seaskako arduradunek. Hur Gorostiaga zuzendariak salatu du Hezkuntza ministro berriak "gurutzada" hasi duela hizkuntza gutxituen kontra.

Era berean, 25 irakasle postu berri eskatu dituzte. Matrikulak gora ari dira, baina Frantziako Gobernuak ukatu egin du lanpostu gehiago ematea. Mobilizazioekin jarraituko dutela azaldu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.