Bi kutxa automatikori eraso egitea egotzita atxilotu eta epaitu zuten Iker Araguas. Bederatzi urteko zigorra jarri zioten, eta hura bete ostean atera da gaur giltzapetik.
Espetxeko atarian zain zituen familiakoak eta lagunak, eta, orain, etxerako bidean dira denak. Iruñeko Iturrama auzoan harrera egitekotan dira 20:30ean.
2008an atxilotu zuten Araguas, beste hiru gazterekin batera. Espainiako Poliziak atxilotu zituen, eta inkomunikatuta eduki zituzten denboran torturatu egin zituztela salatu zuten haietako hiruk.
Bidasoko Hitza-k berri eman duenez, Tomas Elgorriaga Kunze hondarribiarra ere gaur atera da libre. Goizeko hamarrak eta laurdenetan atera da Fleury-Merogis espetxeko atetik, soinean Mirentxin gidarien elastikoa zeramala. Familia beldur zen Espainiako Estatura entregatu zezaketelako, baina ez da halakorik gertatu, Parisen utzi dute libre.
Maiatzean jakinarazi zioten presoari ekainean libre geratuko zela, Alemanian preso egondako denbora kontuan hartu eta gero. Hasiera batean hilaren 25eko data eman zioten, baina, igandea izanik, larunbatean askatuko zutela esan zioten joan den astean. Anaiak eta lagunak joan zitzaizkion bila, baina Parisen zeudela jakin zuten ez zutela gaur arte libre utziko. Goizean askatu dute.
Elgorriaga Ipar Euskal Herrira joango dela jakinarazi dute, eta “autoa hartzeko gogoarekin” dagoela erantsi dute, lehenbailehen Euskal Herrirantz abiatzeko. Hamazazpi urte eta erdi eman ditu Elgorriagak Euskal Herritik kanpora, eta familiarekin pasatu nahi ditu askatasuneko lehen egunak.